GARA Euskal Herriko egunkaria
AZKEN PUNTUA

Pausoak


Gustatzen zait zerbaiten eraldaketa azaltzeko pausoen metafora. «Pausorik pauso», «urratsez urrats». Beti funtzionatzen du. Denok dakigulako ibiltzeak nekea dakarrela, eta erraz egiten zaigulako ezagun pausoaren izaera berez apalaren zentzua, ahaleginarena eta sakrifizioarena. Iruditzen zait, ordea, gehienetan pausoaren metafora aldrebes erabiltzen dugula, «aurrera pauso txikiak» egiten ditugula esaten dugula, berez, egiari zor, «atzera pauso txikiak egiten jarraitzen dugu» esan beharko genukeenean. Edo, bestela: «aurrera pauso txikiak egiten ditugu, baina atzerantz salto izugarriak egiten ditugunez, alferrikakoak dira». Kontua pertsonon izaera berez positiboaren arazoan datza. Horixe da nire beldurra. Alegia, ibiltzen ari garenez atzerantz joan gaitezkeela ikusteko gaitasun falta daukagula. Hain da latza justiziaren aldeko borroka, erasoak ezker-eskuin datozkigun mundu errukirik gabeko honetan, ze ezinezko baitzaigu erasooz defendatzeko ematen ditugun pauso txikiak hain zuzen txikiegiak direla zintzotasunez onartzea, eta aurrera ez, baizik eta atzera goazela jabetzea. Eta gaitz horretan ikusten dut azkenaldian geure aberri maingu hau ere. Hainbeste egin dugu, hainbesterainokoak izan zaizkigu zail eta mingarri emandako pauso txiki guztiak, ez baikara zinez gai oso epe laburrean aurrera eginiko guztia desibili dugula onartzeko. Espainiari «xake mate» emateko garaia dela entzun diot Hasier Arraizi. Badakit egiatan ari dela, zinez sentitzen duela esaten ari dena. Eta horrek harritzen nau: zinez xake emateko arerio baten aurrean egon beharko lukeela ahaztu zaiola. Eta mometuz, esan dezagun garbi: taula aurrean esertzeko bidea ere ez dugu aurkitu. Atzerantz bultzatzen gaituen indarra handiegia baita. Oraindik. Pausoak mila egin arren.