MAR. 13 2015 IKUSMIRA Fantasia Ariane KAMIO Kazetaria Zer den idazle izatea... Kazetariok omen gara idazlerik frustratuenak eta, hein batean, hori dioenari ez zaio arrazoirik falta. Ikusitakoa kontatzea da kazetariaren lana, hitzez, ahotsez edo irudiz, nahi edo ahal bezala, baina kontatzea, funtsean. Voyeur kutsu bat ere badugu. Gertaeren lekuko garen heinean begiratzen diogu edo begiratu beharko genioke tentuz ikusten dugunari. Halaxe begiratzen diet neuk ere idazleei, tentuz eta tendaldiz. Fantasia pizgarri bat ere badirela esan dezaket. Zer pentsa eta zer idatzi, misterioaren giltza darabilte. Bakartien klubekoak. Mistikoak, zurrunak... Errespetua ere ematen du idazle baten aurrean paratzeak. Segun zein den, galderak ondo pentsatu eta hanka sartu gabe elkarrizketa bide onean jartzea ez da askotan gauza erraza izan ohi. Segun nori-nola begiratu, begiek ez diote, ordea, garunari seinale berbera ematen. Dorre batetik paraxutarekin edo gabe gorputza erortzen uztea gauza bera ez den bezala, gertutasun zantzu bat izateak ere koltxoia jartzen du lurraren kontra kolpea hartuko duzun unerako. Jar gaitezen txorien moduan. Han goian. «Elkarrizketa egin Ramon Saizarbitoriari». Ados. Doi-doi hemezortzi urte zenituela irakurri zenuen 2000. urtean argitaratu zuen «Gorde nazazu lurpean» hura eta airean harrapatu nahian zabiltza orduko hartan irakurri zenituen letra haietako ideia batzuk. Ezinezkoa. Ea bada hemerotekak laguntzen duen. Orduko elkarrizketa zenbaitetan zertzeladak bilatu eta hasten zara oroitzen nola bost kontakizuneko alea zen, gerra, gatazka... Oroitzapen lauso batzuk darabilzkizu, baina askoz gehiagorik ez. «Martutene»-k ez zizun atentzioa eman eta irakurtzekoen zerrendan utzi zenuen, inspirazioak joko zizulakoan edo. Erbia eta dortoka. Zein desberdin ikusten diren lurtarrak airetik begiratzen dituzunean. Eta idazle batek barruko ateak zabaldu eta lankidetza keinu ñimiño bat luzatzen dizunean. Orduan bai. Paraxutik gabe zeure burua ehun metrotan behera erortzen uzteko gai zara, lurrean koltxoia baino gehiago daukazulako. Fantasiaren kapritxoak. Saizarbitoriaren jausgailua ezagutuko dut gaur. Ea jauzia nolakoa den...