MAR. 23 2015 Pepe Jon GARMENDIA Idazlea Badugu mania abizenekin, hau da, interesatzen zaiguna erreferentziala bihurtzeko, eta abiaburua nahiz antzekotasunak handik bilatzeko. Izango da aitaren aldetik, amarenetik, edo aiton-amonaren bat hautatuta, baina, lerroa hortik marraztuko da. Pepe Mujicarekin askotan entzun dugu «euskaldun bat Uruguaiko presidente»; gutxitan, ordea, borroka armatuari esker sasi anitz kendu zituela bidetik. Eta tira, argi da, bere aitaren aldeko abizen horrek euskal jatorria duela, baina bide luze horretan nahasketa izan duela ere bai. Demetrio Mujica Terra zen aita, Jose Cruz Mujica Cipriani eta Eudoxia Zoa Terra Terraren semea; Jose Cruz, Francisco Mujica y Yeregi eta Catalina Chipriani Esnaolaren semea zen. Eudoxia aldiz, Benvenuto Pereira da Terra da Silveyra eta Marfisa Carlota Terraren alaba... eta hari honi tiraka, Tolosa eta Beasainetik pasako gara, baina urruneko herri ezezagunetatik ere bai. Mujicaren ama, Lucy Cordano, Italiako Piamontetik zetorren, nekazari familia migrante batetik, mahastietako langileak, baina ez dago datu askorik haiei buruz. Pepek 8 urte zituen aita galdu zuenean, eta amarengandik «izaera eta konpromisoa» jaso zuela aitortu izan du publikoan, eta iragarle ona zela ere bai, Pepe 70eko hamarkadan preso zela, ziega ttipi batean, urik gabe ia, janari gutxirekin eta kolpeen ubeldurekin, auzoko okindegian semea nola zebilen galdetuta «ez zaitezte kezkatu, presidente izatera ailegatuko da» erran baitzuen. «Autogestión un rumbo de todos» liburuan Peperi eginiko elkarrizketa ederra dago, non Uruguaikoak, Arrasateko eta Argentinako ereduen eraginkortasunik ez duela izan leporatzen diotenean, «guk urrunago joan nahi dugu. Lortuko ote dugun? Orain 60 urte gerrikoan pistola bat jarri nuenean ere ez nekien», erantzuten du. Martxoaren 27an ETB2ko «PFV» programan eskainiko dute «Mujica, la revolución tranquila» dokumentala, Peperen presidentetzako azken egunetan grabatua. Ikusteke dago zeri jarriko dioten arreta, iraganari bada, abizenaz haraindi, hemen sataniko bilakatzen dituzten kontuak daudelako. Galdegin bestela Mikel Zubimendi Berastegiri.