GARA Euskal Herriko egunkaria

Ezinbestekoak


Gaztetasuna adinarekin sendatzen den gaixotasun bat dela, aspaldi erran zidala norbaitek eta ez dudala oroitzen nork, eta esaldia, pentsalari ezagun batena dela, baina hau bai ez dudala ezagutzen. Adimen artifizialari galdetzekotan egon naiz, baina zertarako? Dena erraza bihurtzen duen teknologia horren aitzinean erresistentzia moduko bat izateari garrantzitsua deritzot, memoriaren ariketa indartzeko. Hori bai, Fiodor Dostoievskiren «gaztaroa altxor bat da; eta galdu arte ez da ondo ohartzen norbera horretaz» oroitzen dudanez, berri eman behar dudala. Horrela hasi naiz asteroko lerro hauekin, lehengo asteko “adinkeria” gogoan dudalarik. Gauza batek ez du bestearekin loturarik, beharbada, baina errespetuaren mugak hautsita diskriminazioa hedatzen ari den oharrak jaso ditut bata bestearen gibeletik aste honetan, eta idatzi haren hariari jarraitzea erabaki dut. Victor Hugo ikusi dut asmo horretan, gaztaroa etorkizunaren irribarrea dela erraten, promesaz beteta, baina agian bihar, bihar baino ez, oihuka. Eta Antoine de Saint-Exupery berari begira, helduak ere ume izan zirela azpimarratzen, baina gutxik oroitzen dutela azpimarratzen gehiago. “Printze ttipia”-ren idazleak sakontasun eta arrazoi handiko aipamenak utzi zizkigulako, laburbildu nahi balu bezala denborak bakarrik ulertzen duela bizitza bakoitzak zenbat balio duen. Horretan datza gakoa, hemen ez du batak bertzea ezdeusa bihurtzen, denak gara garrantzitsuak, eta hein berean, ezinbestekoak.