INFO

Akitaniako Eskualde Kontseiluak aho batez onartu du Aurore Martinen aldeko mozioa

Akitaniako Eskualde Kontseiluak bere sostengua adierazi dio Estatu espainolean espetxeratuta dagoen Aurore Martini eta «kasu honetan» aplikatutako euroagindua zalantzan jarri du.


Akitaniako Eskualde Kontseiluak bere urteko azkeneko batzarra egin zuen atzo. Bilkura horretan PSko Alain Rousset buru duen kontseiluko hautetsiek haien sostengua helarazi diote Madrilden preso duten Aurore Martin Batasuneko militanteari.

Politikari baxenafarraren Espainaratzea deitoratu du eta euroaginduaren egokitasuna «kasu honetan» zalantzan jartzen du onartutako mozioak. Egungo egoera politikoa aintzat hartuta, «bihozberatasunez» jokatzea galdegiten diote Akitaniako kontseilariek Gobernu espainolari. PS-PRG-Les Verts taldeak aurkeztutako idatzia aho batez onartua izan da.

Ez da lehen aldia Akitaniako Kontseiluak Aurore Martinek pairatzen duen jazarpen judiziala salatzen duela. Iragan azaroaren 1ean gauzatu zen kanporaketaren aitzin Martinen aurkako euroagindua salatu zuen janeko Bordeleko erakundeak.