Zorpetzearen eztabaida eremu guztietara zabal dezala eskatu dio EH Bilduk Urkulluri
Iñigo Urkullu lehendakariak deitutako bileren harira, «emergentziazko neurri eraginkorrak» eskatu ditu EH Bildu koalizioak. «Ez da argazkiak ateratzeko unea; jendartearteak ardurak asumitzea eta erantzun argiak ematea exijitzen du», adierazi dute.
Iñigo Urkullu Lakuako lehendakaria bilera erronda burutzen ari da Euskal Herriko instituzio eta alderdi politikoekin balizko zorpetze berri baten aurrean hartu beharreko neurrien harira. EH Bilduk «neurri zehatza eta eraginkorrak» nahi ditu, eragile guztiekin adostutakoak, eta «egoera larri honi» irtenbidea emango diotenak.
Urkulluri berari adierazi dio «ez dela argazkiak ateratzeko unea», jendarteak «ardurak asumitzekoa eta erantzun argiak ematekoa» baizik. Hala, «emergentziazko neurriak» eskatu ditu, «bestelako eredu sozial baterantz».
Lau zutabetan oinarritzen du koalizio abertzaleak bere proposamena. Politika fiskal berria, egoera aldatu bitartean zorpetze publikoa erabiltzea, politika sozialen «inposizioa moztu eta alternatibak bideratzea» eta bestelako eredu sozioekonomikoa eraikitzeko eta enplegua sortzeko plan integrala osatzea.
Proposamen horien aurrean EAJren erantzuna «beti ezkorra» izan dela salatu du ohar bidez, «ezetzarekin batera betiko errezetekin jarraitzea erabaki dutelako».
Egun hauetan zorpetzearen balizko gehikuntza baten inguruan ematen ari den eztabaida ere kritikatu du EH Bilduk. «Zergatik erabaki behar du Bruselak edo Madrilek gure zor publikoa? Nola aplikatu dakioke gure herriari Valentziari aplikatzen zaion lege bera? Eztabaida hau ekiditen ari da Urkullu, ihes egiten ari da sakoneko arazoari aurre ez egiteko: burujabetza falta», ohartarazi du.
Gehiago zorpetzeko aukera egongo balitz, EH Bildu prest agertu da akordio batera iristeko, baina Urkulluren Gobernuaren proposamena «erabat okerra» dela iritzi dio, «bai edukietan eta bai formetan». «Edukiei dagokionez, Urkulluk aitortu behar du gaur arteko neurri eta politikek porrot egin dutela. Norabide berdinean, baina diru gutxiagorekin, aurrera egin nahi izateak herri hau hondamendira darama», esan du.
Eta formei dagokionez, koalizioaren aburuz eztabaida hau «ezin dela geratu lau hormen artean eta lau instituzioetako ordezkarien artean». Azken egunetan hiru aldundietako ordezkariekin bilkurak izan ditu Urkulluk, baina EH Bilduren iritziz, instituzio horietako osoko bilkurei eman behar zaie hitza, baita alderdi, eragile sozial eta sindikatuei ere. «Ezin zaio eztabaida gizarteari lapurtu».
Urkulluri deia luzatu dio alderdi abertzaleak, eragile politiko, sozial eta sindikalen arteko hausnarketa zabaltzeko eskatuz, eta eztabaida hiru baztar nagusietara eta Gasteizko parlamentura eraman dezala galdeginez.