INFO

8.000 saski salduta 112.000 euro lortu ditu Errigorak Nafarroa hegoaldean euskara bultzatzeko

Aurreikuspen guztiak gaindituta eta pozik, oso pozik, dira Errigoraren kanpainan parte hartu dutenak. Nafarroa hegoaldeko uztarekin osaturiko 8.000 saski inguru saldu dituzte bi hilabetean eta 112.000 euro lortu dituzte euskara bultzatzeko hiru proiektu laguntzeko. Udaberrian, modu xumeagoan bada ere, kanpaina errepikatuko dute.


Ez zuten horrenbesteko arrakastarik espero, baina izan dute. Errigorak 112.000 euro lortu ditu Nafarroa hegoaldeko uztarekin osaturiko 8.000 saski inguru salduta. «Nafar hegoaldeko uzta, euskarari puzka» izenburupean garatu zuten kanpaina eta ateratako dirua Lodosako ikastolari, ‘Euskaraz bizi eta ikasi’ herri ekimenari eta Erriberako AEKri emango diote, orain.

Balorazio agerraldian emandako datuen arabera  500 bat eskari leku jarri dituzte zazpi euskal  herrialdeetan eta bereziki garrantzitsua izan da enpresa, erakunde eta elkarte handi batzutan gabonetarako saski gisa hartu izana. Goierriko Ampon 500 saski saldu zituzten, adibidez, beste 100 CAFen, Lekeitioko ikastolan 100dik gora, Donostiako Groseko AEKn 80, Uztaritzeko euskaltegian 22, 60tik gora Lizarran, Santutxun 200, Tolosako Udalean 50, Santurtziko Mamariga auzoan beste 80...

Auzolanak gidatu du ekimena bera. Euskal Herri osoko herritarrak batu dira kudeaketa lanean, saskiak osatzen eta horiek banatzen. Balorazioa atzo egin zuten Arroitzen, kanpainan parte hartu duten eragileak izan ziren bertan (Sortzen-Ikasbatuz, Ikastolen Elkartea, AEK, Zazpiak bat eta Errigorako kideak) eta baita dirua jasoko duten hiru proiektuetako ordezkariak ere.

Bertako produktuak eta euskara

Urriaren amaieran hasi zuten kanpaina amaitu bada ere udaberrian beste antzeko bat egin asmo dutela iragarri dute, «xumeagoa» izango dela iragarri dute eta aurrerago zehaztuko dutela kanpaina berriaren nondik norakoa.

Hala ere, Errigoraren asmoa kanpaina honetaz gain, «bertoko produktuak berton» kontsumitzeko urratsa ematea izan dela gogoratu dute antolatzaileek eta kontsumo taldeak eta jantokiak antolatuko dituztela iragarri dute.