Irailaren 27an adostuko ditu Gure Esku Dagok ikasturte berrirako ekimenak eta dinamika
Gure Esku Dagoren aurrera begirako asmoak fintzeko ‘orri-zuria’-ren osaketa azken txanpan sartu da herriz herri eta irailaren 27ko batzar orokorrean bilduko dituzte ekarpen denak aurrera begirakoak zehazteko. Aurrez, hilaren 13an, Bilbon erabakitzeko eskubidearen aldeko ekimena deitu du herri dinamikak.
Giza katearen ostean Arrasaten egindako batzar orokorraren laburpen bideoa
150.000 herritarrek Durango eta Iruñea arteko errepideak lotu zituzten eskuz esku ekainaren 8an, ekimena «ikusten den izebergaren punta baino ez» dela azpimarratu zuen Gure Esku Dago ekimenak Arrasaten giza katearen ostean egin zuen batzarrean eta oinarria herriz herri sortutako ilusioa, konfiantza eta elkarlana direla.
Oinarri hori lantze aldera herriz herri ‘orri-zuria’ lantzen ari dira tokiko batzordeak eta irailaren 27an denek bat egingo dute dinamikaren batzar orokorrean. Bertan erabakiko du herri ekimenak ikasturte berrirako dinamika zein den. Bide horretan, datorren astean zehar herrialdez herrialde jasotako proposamenak lantzeko batzarrak egingo dituzte.
Irailaren 13an ekitaldia Bilbon
Ikasturtearen hasieran Eskoziako eta Kataluniako prozesuek garrantzia handia izango dute. Irailaren 11n Diada eguna dute Katalunian, 18an eskoziarrek euren etorkizunaz erabakiko dute eta azaroaren 9rako deitu dute katalanek euren galdeketa. Abiapuntuan Gure Esku Dagok ere ikusmiran izango ditu bi prozesu horiek eta ekitaldia antolatu du Bilbon datorren asterako. Irailaren 13an Bilboko Plaza Berrian izango da.
Ekainean egin zuten batzarrean aipatu zuten moduan, Gure Esku Dagoren hitzetan «Europan tren bat dabil. Demokraziarena, erabakiarena. Eskozia doa bagoi batean, bigarrenean Katalunia. Hirugarren bagoi bat gehitu genion tren horri ekainaren 8an».
Irailak 13an, Erabakitzeko eskubidearen aldeko hitzordua Bilbon pic.twitter.com/chx2u1L2nJ
— Gure Esku Dago (@GureEskuDago) August 28, 2014