Luizi batek gasolindegi bat suntsitu du Tolosan eta baserri bat harrapatu Andoainen
Luizi batek N-I errepidean, Tolosako Santa Luzia auzoan, dagoen gasolindegia suntsitu du. Andoainen beste luizi baten ondorioz baserri batean harrapatuta geratu diren hiru pertsona erreskatatu behar izan dituzte.
Lakuako Gobernuak azaldu duenez, luizia izan da Petronorrek N-I errepidean duen gasolindegian, Tolosako Santa Luzia auzoan, eta suntsituta geratu da. Gasolindegia ordurako hustuta zegoen, izan ere, goizeko 8.30ak aldera euste-hormako hainbat harri mugitu egin dira eta tokia hustutzea erabaki dute.
Azkenean, goizeko 10.00ak aldera gertatu da luizia. Gasolindegiak urtebete zeraman zabalik; beste luizi batek ere kalteak eragin zituen eta berreraiki egin behar izan zuten, euste-horma ezarriz.
Erreskatea Andoainen
Andoainen, Goiburu auzoan lur-jausi bat izan da eta baserri bat harrapatu du goizeko 9.00ak aldera. Barruan bikote bat eta haien semea zeuden, eta suhiltzaileek erreskatatu egin behar izan dituzte.