Alavés, gora begira; Osasuna eta Bilbao Athletic, etxera
Duela hiru urte eskas ez zen euskal talde bakar bat ere Bigarren Mailan. Aurten, aldiz, hiru izango dira, helburu guztiz ezberdinak izango badituzte ere. Igotzeko aukera aipatu ez arren, onenen artean egoteko taldea, entrenatzailea eta egitura ditu Alavesek. Osasunak eta Bilbao Athleticek, ordea, etxe barrura begiratuko dute. Nafarrek, diru eskasiagatik. Bizkaitarrek, lehen taldearen esanetara direlako.
You have run out of clicks
Oso gorabeheratsua izan ohi da Bigarren Mailan euskal taldeek duten presentzia. Duela urte gutxi, denboraldi berean Reala Lehen Mailara igo eta Real Union Bigarren B Mailara jaitsi ostean, ez genuen bertan ordezkaririk izan. Duela hogei urte, aldiz, batera bost izan genituen: Osasuna, Alaves, Eibar, Sestao eta Bilbao Athletic. Aurten, lehoikumeen igoeraren ondorioz hiru izango dira eta euskal zaleek arretaz jarraituko dute Liga Adelante bezala ere ezagututako txapelketa.
Azken urteetako bilakaera ikusita, gainera, interes berezia eragiten du Bigarren Mailak. Joko aldetik kalitatea ez da aparta, baina oreka eta emozioa bermaturik daude. Izan ere, igoera lortzeko kanporaketa sistemak ia amaiera arte Lehen Mailarekin amets egiteko aukera ematen die talde gehienei. Adibide gisa, duela bi denboraldi, hiru jardunaldiren faltan aldi berean mailaz igotzeko zein jaisteko aukera zuten taldeak ziren lehian. Hori horrela, ustekabeen zerrenda luzea da: Eibarrek Bigarren B Mailatik Lehen Mailara egindako jauzia, Kordobak liga erregularra zazpigarren amaituta urte berean kanporaketetan eskuratutako igoera, iaz Gijongo Sportingek harrobiko jokalariekin lortutakoa, aurrekontu eta baliabide oso eskasekin Llagosterak iaz egindako denboraldi aparta... Sailkapenaren behealdera begiratuta, ezin ahaztu ere Osasunak iaz mailari eusteko izandako estutasunak.
Alaves, ametsa baino gehiago
Hasiera batean, igoera lortzeko borrokatik gertu izan nahi du Alavesek. Anbizioz beterik ageri da kluba; iaz denboraldi txukuna egin arren, entrenatzailea eta jokalari gehienak (tartean titular ugari) kalean utzi ditu. Euren ordez futbolari on eta lehiakorrak fitxatu ditu, eta baliteke Alaves eta Valladolid izatea Bigarren Mailako talde sendoenak. Pacheco, Pelegrin, Dani Pachecho, Guichon, Sergio Mora, Carpio, Kiko Femenia... eta orain arte Real eta Athleticen ibilitako Dani Estrada eta Gaizka Toquero fitxatu ditu. Aurrelari gasteiztarra, bere ezaugarri, eskarmentu eta izaera ikusita, zale babazarroen idolo berria bihur liteke erraz asko, San Mamesen gertatu antzera.
Aulkirako ere klubak nahi zuen entrenatzailea lortu du: Pepe Bordalas, azken urteotan Elx zein Alcorcon kanporaketetara eraman dituen gizona, hau ere oso lehiakorra. Bere agindupean Bigarren Mailako talde gogorrena, hainbatetan gogorregia ere, eratu zuen madrildarrek iaz. Hori bai, Dani Pacheco, Sergio Mora edota Kiko Femeniarekin joko erasokor eta irudimentsua egiteko aukera ere badu Bordalasek.
Esperantzak esperantza, momentuz zuhur jokatu nahi du Alavesek, eta kategorian segitzea bermatzen duten 50 puntuak eskuratu arte ez omen du beste helbururik jarriko. Baina osatu duen taldea ikusita, ez dago igoera lortzeko kanporaketetara iristea baino gutxiagorekin konformatzerik.
Osasuna, puntuak eta dirua
Nahiko luke Osasunak ere lehia horretan sartzea, baina estualdi ekonomikoek nabarmen baldintzatzen dute nafarren proiektua. Martin Monrealen gidaritzapean, etxeko jokalariak diru euskarri, eta horien artean lau baino ez dira beteranoak: Oier, Torres eta Flaño anaiak. Mikel Merinok eta David Garciak emango duten joko mailak marka dezake gorako ala beherako bidea. Ezinbestekoa izango da ere Ninok aurrealdean iaz erakutsitako sasoi eta grinari eustea, golegile batentzako 35 urte gehiegitxo dira-eta.
Emaitzak, baina, ez dira aski Osasunarentzat: zorra kitatzeko jokalari gazteak trebatu eta salneurri onean saltzea ezinbestekoa du-eta. Aipaturiko Mikel Merino eta David Garcia dira uneotan “salgarrienak”, baina atzetik datoz 17 urteko Antonio Otegui erdilaria –Iruñean Xavirekin parekatzen dute–, 18 urteko Aitor Buñuel –Azpilikuetaren antza omen du–; Jose Garcia, Alex Berenguer, Miguel Olavide... Zerrenda luzea da, baina oraindik dena dute erakusteko jokalariok guztiok. Momentuz, arazoak arazo, zaleek hor segitzen dute, tinko: 12.000 bazkide inguru aurten ere.
Bilbao Athletic, estutasunik gabe
Etxe barrura begiratzen du ere Bilbao Athleticek, baina gorritxoen estutasunik gabe. Sari gisa hartu dute hogei urte eta gero lortutako igoera, baina batez ere aukera gisa, jokalari gazteak Lehen Mailara iristea erraztuko duelakoan. Cadizeko balentria lortu zuen taldea ez da asko aldatu. Saborit, Unai Lopez eta Guarrotxenarentzat salbu, gainerakoentzat berria da Bigarren Mailan aritzea, eta bertan frogatu beharko dute euren balioa Yeray, Santamaria edota Lekue bezalako jokalariek.
Mailari eustea ez da obsesioa, helburua ez den neurrian. Zaila izango dutela aurreikus daiteke, aurreko bi urteotan Real Madril eta Bartzelonaren bigarren taldeek ez dutela lortu kontuan izanda. Lehenago ere, Mallorca B, Malaga B, Atletico B edota Villarreal B taldeek bide laburra izan zuten Bigarren Mailan.