Aldaketaren gobernua?
Sarri hitz egin izan dut zutabe honetan marko diskurtsiboek komunikazioan eta, orokorrean, estrategiaren garapenean duten garrantziaz. Gaur ere horretaz hitz egin nahi dizuet, baina oraingoan kasu zehatz batean zentratuta: Nafarroa Garaiko aldaketa politikoa.
Duela bi aste hementxe bertan idatzi nuen zutabean nioen Nafarroako erregimenak bizi-bizirik jarraitzen duela eta urgentea dela aldaketaren aldeko indar politiko, sozial eta sindikalak berriz ere norabide berean arraunean jartzea, aldaketak arrakasta izango badu.
Aldaketaren aldeko indarrek ongi asmatu zuten aurreko legegintzaldian Nafarroako establishmenta krisi testuinguruan egiten ari zen astakeriei zukua ateratzen, behingoz UPN-PSN tandema gobernutik bota eta aldaketa politikoari ateak irekitzeko. Horretarako eraiki zuen markoa izan zen Erregimena vs. Aldaketa politiko eta soziala.
Urtea pasatu da, ordea, instituzioetan aldaketa politikoa gertatu zenetik. Arrisku handia dago aldaketaren alde egin zuten zenbait sektore frustratzeko, euren aldaketa espektatibak uste edo nahi bezain azkarra edo nahi adinakoa ez delako.
Funtsezkoa iruditzen zait zentzu horretan gauza bat ulertzea: herritarrari edo jende xeheari bost axola zaio Aldaketaren Gobernua zaren edo ez. Gobernua zara. Kito. Eta Gobernua zarenez, bere arazoak konpontzea edo soluzionatzea nahi du. Pedagogia politikoa egin liteke nahi bada, ulertarazteko urteetan eraikitako erregimena ezin dela egun batetik bestera aldatu eta abar. Baina bere eguneroko arazoek hor badiraute konponarazi nahiko ditu.
Beraz, pedagogia egiteaz gain –horren oso zaleak gara ezkerreko mugimenduetan–, marko diskurtsibo berriak eraikitzea ezinbestekoa dela uste dut. Erregimena vs Aldaketaren Gobernua markoa agortu egingo da. Ez du iraungo legegintzaldi osoa. Eta jada gobernu «garen» heinean marko berriak inposatu beharko ditugu. Bestela erregimen zaharra inposatzen ari den markoetan –inprobisazio politikoa, Nafarroa Euskadin asimilatu nahi dutenak, inposatzaileak, etab.– galduko baikara.