INFO

Azazetan fusilatutakoak omendu ditu EH Bilduk, inpunitatea buka dadila aldarrikatuz

Gasteizko Santa Isabel hilerrian Teodoro Gonzalez de Zarateren lore eskaintza eginda, Arabako hiriburuko alkate ohia eta harekin batera 1937ko martxoaren 31n Molaren aginduz fusilatu zituzten beste hamabost pertsonei omenaldia egin nahi izan die EH Bilduk, memoria eta justizia aldarrikatuz.

EH Bilduko legebiltzarkide Kike Fernandez de Pinedo, lore eskaintzan. (EH BILDU)

Gaurko egunez, duela 80 urte, Teodoro Gonzalez de Zarate Gasteizko alkatea eta beste 15 preso La Paz espetxetik atera zituzten eta Azazetako portura eraman zituzten. Han guardia zibil, errekete eta falangista talde batek fusilatu egin zituen Mola generalaren aginduz. Lore eskaintza batekin gogoratu nahi izan ditu EH Bilduk, 80. urtemugaren harira, fusilatutako 16 pertsona horiek.

Lore eskaintzarekin batera, Felix Gonzalez koalizio abertzaleko zinegotziak aurreskua dantzatu du.

Kike Fernandez de Pinedo EH Bilduko batzarkideak, bere aldetik, justizia eta memoria aldarrikatu ditu. «Oraindik ez da justizia egin eta inpunitatearekin amaitu behar dela ozen esan nahi dugu», adierazi du, frankismoaren aurka jarri diren kereilak balioak jarrita.

Frankismoaren biktimen bulegoa «premiaz» ireki beharra ere azpimarratu du Fernandez de Pinedok.

Horrez gain, errelatoa ere izan du hizpide. Adibide gisa aipatu du Teodoro Gonzalez de Zarate lurperatu zuten hilobian dagoen plakak «hil zela» dioela. «Hori ez da egia, ez da zuzena, gauzak ongi eta argi azaldu behar dira. XXI. mendeko udal demokratiko batek ezin du horrelakorik onartu», adierazi du.

Gonzalez de Zaratez gain, honakoak izan ziren Azazetan fusilatutakoak: Francisco Diaz de Arcaya, tornularia, Gasteizko zinegotzia eta PSOEko afiliatua; Jose Luis Abaitua, EAJren ABBko burukidea; Victor Alejandre, Gaubeakoa, Alderdi Errepublikano Erradikal Sozialistako militantea; Eduardo Covo Gonzalez gasteiztarra, telegrafoetako langilea; Jaime Conca Amoros, oliba biltzaile gasteiztarra; Jose Domingo Elorza San Vicente, margolari gasteiztarra, PSOEko afiliatua; Constatino Gonzalez Santamaria, bizargin gasteiztarra.

Zerrenda honakoek ere osatu zuten: Francisco Garrido Saez de Ugarte, doitzaile apinaiztarra, CNTko afiliatua; Prisco Hermua Arrizola, jornalari gasteiztarra, CNTko afiliatua; Antonio Garcia Bengoetxea mekaniko gasteiztarra; Jesus Estrada Abalos, mekanikoa eta PCEko afiliatua; Daniel Garcia de Albeniz Azazeta, Maeztuko nekazaria, CNTkoa; Manuel Jose Collel Aguila, trenbideetako langile gasteiztarra, Batasun Errepublikanoko afiliatua; Manuel Hernandez Ibañez de Garaio, trenbideetako langile gasteiztarra eta Casimiro Cerrajeria Zarranz, gasteiztar piroteknikaria, UGTko afiliatua.