INFO

Errituak eta espekulazioak, Tabakaleran

Udazkenak bi erakusketa dakartza Tabakalerako erakusketa-aretoetara. Batak, Adria Julia-ren «Hot Iron Marginalia»-k, kultura eta kirol ondarearen inportatze, esportatze eta espekulazioak ditu begian. Bigarrenak, «Cale, cale, cale, cale!!!» erakusketa kolektiboak, naturarekiko harremanean magiak eta errituek betetzen duten papera du oinarri.


Udazken honetarako bi proposamen zeharo ezberdin aurkeztu ditu Tabakalerak. Batetik, naturarekiko harremanean magiak eta errituek duten lekuaz hausnartzeko abagunea irekitzen du Juan Canela komisario duen “Cale, cale, cale, cale!!!” erakusketa kolektiboak eta, bestetik, AEBetara bidaiatu eta kultura eta kirol ondareen inportazio, esportazio eta espekulazioaz gogoeta egiten du Adria Julia katalanak.

Canelak komisariotza egonaldia egin zuen iaz Tabakaleran eta haren emaitza da “Cale, cale, cale, cale!!!” erakusketa kolektiboa. Bertan parte hartu dute Elena Aitzkoa, Valentina Desireri & Corazon de Sol, Tamar Guimaraes & Kasper Akhoj, Oier Iruretagoiena, Equipo Jeleton, Rometti Costales, Beatriz Santiago eta Osias Yanov artistek.

Erakusketaren aurkezpenean komisarioak azaldu zuenez, erakusketaren izenburua antzinako erritu batetik hartua da: «Italiako baserritar batek uzta berria babesteko errezitatzen zuen konjuru baten amaierako hitzak dira. Azken ‘cale’-a errezitatzearekin batera, izpiritu gaiztoak aurrez lurrean margotutako zirkulu baten barnera erortzen ziren», azaldu zuen. Eta horixe da, hain zuzen, eraskusketan bisitariak topatuko duena: erritua eta magia, eta horiek naturarekiko harremanetan duten eragina. Horretarako, artista bakoitzak proposamen ezberdina egin du eta, hala, erakustaretoan errituen errauts eta hondarrekin egindako lanak, goilara hegalariak, landareak oinarri hartuta osatutako taroteko kartak, Haitiko budu praktikak, Boliviako esperientzia xamanikoak eta euskal tradizio eta kondairak nazioarteko koadroekin lotzen dituzten instalazioak ikus daitezke.

Kultur ondarea

Bigarrena, Julia-ren “Hot Iron Marginalia”, iazko maiatzean Bartzelonako Joan Miro Fundazioan egindako erakusketaren jarraipena da. Egileak azaldu zuenez, Tabakalerako 2. erakusketa aretorako propio egindako ekoizpen berriko lau obrak osatzen dute erakusketa eta ikerketa-prozesu luze baten ondorio dira. Zehaztu zuenez, XX. mendean Ramon Julia Alemanyk Kataluniako 556 eliza erromaniko katalogatu zituen eta egileak katalogo hori izan du oinarri kultur ondarearen inportatze eta esportatzeaz, baita horiekin egin izan den espekulazioaz, hitz egiteko ere. Izan ere, zehaztu zuen iragan mendearen hasieran pintura erromaniko katalanak erosle estatubatuarrei saldu zitzaizkiela eta gerora museo eta bildumetara eraman izan direla. Eta, errealitate hori kirolarekin lotu du, mende amaieran Bartzelonara futbol amerikarra ekarri eta 1991n Barcelona Drangons taldea sortu zela nabarmenduz.

Gogoeta horiek lau instalaziotan bildu ditu: “Hondatzearen hiztegia” horma-irudia, kristalezko xaflez osatutako “Marginalia” saila, metakrilato berdezko “Green-Eyed Monster” eta “Hot Iron Marginalia” zinema eta bideo instalazioa.

Bi erakusketek atzo ireki zituzten ateak Tabakalerako erakustareto banatan eta otsailaren 4ra arte egongo dira ikusgai. Erakusketak abian dauden artean, hainbat ekimen paralelo ere izango dira, tartean bisitaldi gidatuak, solasaldiak, mintegiak eta performanceak. Esaterako, “Cale, cale, cale, cale!!!” erakusketaren baitan, azaroaren 21ean Equipo Jeleton kolektiboak “Karten irakurketa” egingo du erakusketa aretoan 18.00etan, eta urtarrilaren 26an Valentina Desiredi eta Dorazon de Sol-ek “A ritual to reverse the spell of the illusion of power as control” eskainiko dute.