Pello Bilbaok Bahrain taldean korrituko du datozen bi urteetan
Bizkaitarrak sekulako emaitzak lortu ditu Astanarekin azken bi denboraldietan, eta orain Mikel Landarekin bat egingo du talde berrian.
Bahrain Merida taldeak sei fitxaketaren berri eman du gaur, denak kolpetik, eta sei txirrindularien artean Pello Bilbao dago. Bizkaitarrak sekulako denboraldia egin du Astana taldearekin eta orain Mikel Landarekin bat egingo du.
Pello Bilbaok bi etapa irabazi zituen aurtengo Giroan, eta iazkoan seigarren amaitu zuen sailkapen nagusian. 2018 horretan Dauphinen eta Alpeetako Tourrean ere etapa garaipenak lortu zituen.
Pello Bilbaorekin batera Bahrain talde eraberritura iritsiko diren besteak Rafa Valls espainiarra, Eros Capecchi italiarra, Marco Haller austriarra, Kevin Inkelaar herbeheretarra eta Scott Davies galestarra dira.