INFO

Gose eta egarri greban dagoen Iñaki Bilbao ‘Txikito’ ospitalera eraman dute

«Arnasa hartzeko arazo larriak» direla-eta, Iñaki Bilbao Goikoetxea ‘Txikito’ ospitaleratu egin dutela jakinarazi du ohar baten bidez Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak. Gose eta egarri greban 7. eguna du gaur Bilbao Goikoetxeak.

Iñaki Bilbao, Auzitegi Nazional espainolean, epaiketa batean. (POOL EFE)

Ohar baten bitartez, Iñaki Bilbao ospitaleratu egin dutela jakinarazi du Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak. 

Bilbao bezala Puerto-III espetxean dagoen Dani Pastorren bitartez jakin ahal izan dute haren ospitaleratzearen berri. Esan dutenez, «arnasa hartzeko arazo larriak» zituelako eraman dute erietxera. 

«Hilaren 7ko bisitan, animo eta ideia argiekin, baina oso argal eta ahul ikusi bazuten, atzoko telefonozko deian ahultzea telefono linearen bitartez nabaritu eta sentitzen zela gogoratu behar dugu», dio aipatu oharrak.

Zazpi egun igaro dira Bilbaok gose eta egarri grebari ekin zionetik. Aurrez, 50 egun egin zituen gose eta komunikazio greban, irailaren 9tik urriaren 30era arte.