Ezkurdia-Martijak eta Agirre-Albisuk material aukeraketa errepikatu dute Bizkaia pilotalekuan
Grebaren ondorioz urria hasieran bertan behera gelditu zen Binakako Txapelketaren finalerdietako partida erabakigarria ostiral gauean jokatuko da. Nahiz eta orduan ere hautaketa egin zen, gaur berriz bildu dira lau protagonistak pilotak apartatzeko.
Ezkurdia-Martija eta Agirre-Albisu bikoteak Bizkaia pilotalekuan izan dira gaur Binakako Txapelketaren finalerdietako neurketa erabakigarrirako pilotak hautatzen. Norgehiagoka hau bere egunean pilotarien grebaren ondorioz bertan behera gelditu zena da, hasieran Baikokoei 22-0 galdutzat eman zitzaiena eta azkenean ostiral honetan jokatzea erabaki zena.
Kuriosoa da, zeren bertan behera gelditu zen neurketa hartarako materiala aukeratu zuten lau protagonistek –pilotarien eta enpresaren arteko bilerak egiten ari ziren egun haietan–, baita aste bete beranduago finalekoa ere –Ezkurdia eta Martija sailkatutzat eman ostean–, baina ondorengo gertaerak ikusita hautaketa berriz egin dute gaur.
Ez da arazorik egon pilotekin. Ezkurdiak eta Martijak 104,3-105,2-105,5 gramoko hiru pilota aukeratu dituzte; Agirrek eta Albisuk 104-104,5-104,7 gramoko beste hiru. Argi dago partidaren gakoa atzean dagoela: Albisuk Martija dominatu beharra dauka Agirreri aukerak sortu eta garaipena gertuago izateko.
«Ongi nago, ongi sentitu naiz azken partidetan. Egia da emaitzak ez direla onak izan, baina garrantzitsuena ostiraleko hitzordura ongi heltzea da», esan du Jon Ander Albisuk, finalean sartzeko aukera kantxan defendatzeagatik pozarren. Eta emaitzak onak ez direla izan dioenean, bi neurketataz ari da konkretuki: aurreko larunbatean Tolosan Agirrerekin egin zuen probaz –15-22 galdu zuten Peio Etxeberria eta Zabaletaren kontra– eta aste bete lehenago Oinatz Bengoetxearekin bikote berdinaren aurka jaso zuen porrotaz (11-22).
Kontrakoa da Ezkurdia eta Martijaren kasua. Hauek ostiral gauean jokatu zuten elkarrekin Bergaran Artola eta Imazen aurka, eta 22-16 irabazi zuten. Aurrelariari helburu nagusi izaten dituen Buruz Buruko eta Lau eta Erdiko Txapelketen erdi-erdian harrapatu dio Binakakoaren amaiera honek, baina ez du aitzakiarik ipini.
«Finalean egon nahi badugu Agirre eta Albisuri irabazi behar diegu, eta horretara etorriko gara», esan du arbizuarrak, aurrez gertatutako guztiak ahaztu eta ostiraleko neurketan bakarrik pentsatuz. Irabazleek Aimar Olaizola eta Mikel Urrutikoetxea izango dituzte zain hurrengo astearteko finalean.