INFO

«Hormigoiaren mafia» gaitzetsi eta Euskal Errepublika aldarrikatu dute Donostian

Ehun mugimenduak pankarta erraldoi bat zintzilikatu du igande honetan Donostiako udaletxearen fatxadan, hormigoiaren mafia salatu eta Euskal Errepublikaren beharra mahai gainean jartzeko.

Ehun mugimenduak pankarta handi bat zintzilikatu du Donostiako Udaletxearen fatxadan.

Donostiako Udaletxeko fatxadan pankarta erraldoi bat jarriz, «Frankismotik datorren hormigoiaren mafia» salatu eta euskal errepublikaren beharra defendatu du Ehun mugimenduak igande honetan, eguerdian. «Udal honetako alderdi batzuek bultzatzen dituzten obra publikoen helburua baliabide publikoak esku pribatuetara pasatzea» dela kritikatu du.

Ehunen ustez, obra publiko horiek «Frankismotik datorren eta 78ko erregimenarekin jarraitu duen bezeroen sare mafiosoaren adierazleak» dira. Sare honen «xedea baliabide publikoak esku pribatuetara pasatzea» da. Horretarako, «hamarkada luzeetan, lotsarik gabe, benetako beharrei erantzuten ez dieten lan publikoak erabili dituzte. Hori gertatu da 78ko erregimenak berak, legearen bitartez, lapurreta hau baimendu bakarrik ez, bultzatu ere egiten duelako», azaldu du.  

 

 

«Mafiakrazia, Espainiaren esentzia»

«Ez dugu denon ongizateari beharrean gutxi batzuen poltsikoari garrantzi gehiago ematen dion Estatu batean bizitzen jarraitu nahi. Hamarkada luzeetako praktikak erakutsi digun moduan, Espainian ez dago hau guztia konpontzeko aukerarik. `Mafiakrazia´ Espainiaren esentzia da. Horregatik, Ehun mugimenduko kideok uste dugu denona dena lapurtzen ez duen mafiarik gabe bizi eta publiko-komuna babestuko duen markoa euskal errepublikak bakarrik eman diezagukeela. Hori dugu helburu, azpimarratu dute.

«Hormigoiaren mafia ala euskal errepublika»; horra hor, Ehunen arabera, parez pare ditugun bi aukerak.