INFO

Pandemiaren eztandaren biharamuna: %12,5 jaiotza gutxiago aurtengo hasieran

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 3.298 jaiotza izan dira 2021eko lehen hiruhilekoan, hau da, aurreko urteko aldi berean baino %12,5 gutxiago, Eustat euskal estatistika erakundeak landutako datuen arabera.

Haur jaio berri bat bere amarekin, musukoa jarrita. (GETTY)

Jaiotzen kopuruak behera egin du nabarmen EAEn aurtengo lehenengo hilabeteotan, iazkoarekin alderaturik: Bizkaian %14,7, Gipuzkoan %11,6 eta Araban % 7,7. Zehazki, Bizkaian 1.612 haur jaio dira, 1.133 Gipuzkoan eta 553 Araban.

Hilabeteka, 2020rekin alderatuta, jaitsiera bereziki potentea izan da urtarrilean (-%18,1), eta ondoren otsailean (-%13,7) eta martxoan (-%6).

Amaren adinaren arabera, 30-34 urteko amen taldea dago buruan, jaiotzen %36,5ekin; jarraian, 35-39 urteko taldea dago (%34,7); eta ondoren 25-29 urtekoa. Hala ere, azken talde horrek %13,2ko ekarpena besterik ez du egiten.

2020ko hiruhileko berarekin alderatuta, 40 urterekin edo gehiagorekin ama izan diren emakumeen kopuruak behera egin du: 2020an 406 izan ziren, eta 2021ean 323. Emakume horiek sortutako jaiotzak guztizkoaren %9,8 izan dira (2020an %10,8), 25 urtetik beherako amenak baino %5,9 gehiago. Ama ezkongabeen amatasun adina amen osotasunarena baino txikiagoa da, eta nabarmentzekoa da 25 urtetik beherakoak izan direla haien %9,1.

Ezkontzatik kanpoko jaiotzak guztizkoaren %48,9 izan dira, 2020ko lehen hiruhilekoan (%44,7) baino gehiago. Bizkaiak eta Arabak EAEk baino balio altuagoak dituzte (%52,8 eta %49,9, hurrenez hurren); Gipuzkoan, berriz, ehuneko hori txikiagoa da (%42,9).

Jaiotza hurrenkeraren arabera, 2021eko lehen hiruhilekoan jaiotzen %48,5 lehen jaioenak izan dira (1.599 haur), %39,1 beste jaiotza bat izan duten familiei dagozkie (1.291), eta %12,4 hurrenkeran hirugarrenak edo ondorengoak diren jaiotzei (2020ko hiruhileko berean baino %0,8 puntu azpitik).

Bestalde, EAEn 2021eko lehen hiru hilabeteetan izandako jaiotzen %25,7an, amak atzerriko nazionalitatea zuen (2020ko hiruhileko berean baino %3,1 puntu azpitik). Kolektibo horretako amen kopurua %22 jaitsi da bi aldien artean, eta Espainiako nazionalitatea dutenen artean, berriz, %8,6. Araban, atzerriko nazionalitatea duten amen proportzioa %30,6koa izan da, Bizkaian %25,3koa eta Gipuzkoan %23,7koa.

Herrialde amerikarretatik Euskal Herria iritsi diren amen jaiotzek dute pisu handiena atzerriko amen artean, baina haien kopurua, 380 jaiotza, %25,8 jaitsi da 2020ko lehen hiruhilekoaren eta 2021ekoaren artean. Pisu handiena duen bigarren taldea Afrikako herrialdeetako nazionalitateak dituzten amena da (252 jaiotza); talde horrek %18,4 behera egin du bi aldien artean.