Ainhize Belar erabat sendotu da 8c mailan
16 urteko eskalatzaile atxondarrak zailtasun horretako bere hirugarren bidea kateatu berri du: ‘Kulun Gele’ (Gaubea). Soilik sei eguneko ekinaldiak behar izan ditu.
Nahiz eta oso gaztea den, Euskal Herrian kirol eskaladan jarduten duten nesken artean, Ainhize Belar erreferentzia nagusia dugu. Duela pare bat urte, 14 urterekin, eskalatzaile bizkaitarrak ezustekoa handia eman zuen ‘Gezurren Erresuma’ bidea (8c) sinatu eta gero. Zailtasun hori lortzen euskal eskalatzaile gazteena bihurtu zen. Iaz, berriz, ‘Skin Dead’-ekin egin zen. 8c mailakoa ere. Eta joan hilabetean, 16 urterekin, ‘Kulun Gele’ sartu zuen bere zorroan. Hau ere 8c zailtasunekoa. Hiru 8c, eta, gainera, oso gogoko (talisman ote da?) duen Gaubeako eskalada eskolan.
Uda honetan izaten ari garen bero boladek eskalatzaileen proiektuak asko baldintzatu dituzte. Oro har, baldintza kaskarrak izan dituzte, baina Belarrek, bederen, motibazioa aurkitu du Gaubeako marra horretan. Atxondarrak NAIZi adierazi dioenez, uda honetarako ez zuen xede berezirik: «Bide hori ez zegoen nire asmoen artean, baina ondoko 8b mailako bide bat egin ondoren, lagunek aholkatu zidaten ‘Kulun Gele’ probatzea; besteak beste, hasiera berdina duelako. Onartu behar dut bide hori beti oso erakargarria iruditu zaidala. Probatu, pausu guztiak atera eta proiektu bezala hartu nuen. Ondoren, oporretan egon nintzen. Berriro Gaubeara itzuli eta bigarren egunean katera erorikorik gabe heldu nintzen. Denera, sei egunetan hainbat ekinaldi egin ditut».
Oso sasoiko
Irakurtzen den bezala, atxondarrak oso denbora gutxi behar izan du ‘Kulun Gele’ patrikan sartzeko. Hori gutxi ez, eta arrakasta hori beroaldien artean erdietsi du: «Etxetik kanpo zailtasun handiko xede bat probatzea ez da batere erraza; batez ere, ekinaldi asko eskatzen baditu. Ba dut bat, baina itxaron beharko du. Gaubeako marra honetan ez dut baldintza egokirik izan. Kulun Gele” kateatu nuen egunean 39ºko tenperatura egin zuen!».
Bide horren ezaugarriei dagokienez, aurreratu behar dugu oso fisikoa dela eta pausu oso luzeak dituela. Azken eite horrek buruhauste bat baino gehiago eragin dizkio Belarri: «Ni txikia naiz, eta kosta egin zait mugimendu horiek gainditzea. Nire metodoak, hots, nik asmatutako pausuak egin behar izan nituen. Adibidez, atseden hartzeko leku on batean ezin nuen belauna ondo jarri. Eta hori oso garrantzitsua zen, goiko sekzioari ondo ekiteko. Beraz, hala nola atseden egoki bat hartzea behartuta nengoen, energiarekin aurrera jarraitzeko eta bidearen giltzari indarrarekin ekiteko. Beste metodo batzuk erabili ditudanez, lasai esan dezaket beste “bide” bat eskalatu dudala».
Beroaren eta pausu luzeen eragozpenak izan baditu ere, lerrootako protagonistak ‘aise’ gainditu du ‘Kulun Gele’. Aurreratu dugun bezala, 8c mailako hiru bide sinatu ditu, eta hori euskal nesken artean ez da ohikoa; guztiz kontrakoa. 8c lortzen gazteena izateaz gain, kopuruan soilik Josune Bereziartu batzen zaio: «Hamasei urterekin hiru 8c egitea niretzat ikaragarria da. Lorpen horri garrantzia handia ematen diot».
Orain, berriz, arroka alde batera utzi eta bi aste barru hasiko diren lehiaketei begira jarri da. Gogoratu behar dugu, Belar erabat nagusi dela Euskal Herriko zein Espainiako zailtasuneko probetan. Bere kategorian erregina da, eta lehia munduan gogor jarraitzeko oso animatua dago: «Arroka alde batera utzi eta lehiei begira entrenamenduekin buru belarri nabil. Datozen hilabeteotan hitzordu asko ditut. Ingurumari honetan garaipen ugari sinatu ditut, baina Europako Kopan zaila dut emaitza on bat lortzeko»