INFO

‘Amaiur! Libera State’ lanak irabazi du Aiacciuko komiki azokako Historia saria

Korsikako Aiacciuko Nazioarteko Komiki Azokaren 20. edizioa ospatu berri da eta Asisko Urmenetak Amaiurko Gaztelu Elkartearen enkarguz egindako lana saridun suertatu da. ‘Amaiur! Libera State’ albumak duela 500 urte gertatutakoen berri ematen du.

Asisko Urmeneta jaso berri duen sariarekin. (Erroa Argitaletxea)

Asisko Urmenetaren ‘Amaiur! Libera State’ albumak (Erroa eta Herrima argitaletxeak) Historia Saria irabazi du Korsikan, Aiacciuko Nazioarteko Komiki Azokaren 20. edizioan. Lan hau Amaiurko Gaztelu Elkartearen enkarguz egindako lana da, borrokaren bosgarren mendeurrena dela eta, bertan gertatutakoa ezagutzera emateko asmoz.

Memoria historikoa berreskuratzea eta narratiba nazionala idaztea dira liburu honen xede nagusiak. Horien berri emateko, Urmenetak berak aurkezpen eta solasaldi ugari eskaini ditu eta aurrerantzean ere zita gehiago egongo dira. Gaiaren inguruan mintzatzen den bitartean, artista iruindarrak ilustrazioak egiten ditu azalpen, xehetasun eta bitxikeriak kontatuz.

Komikian kontatzen da nola duela 500 urte «nafar libreek sei mila gizoneko armada inperialari» aurre egin zioten aste oso batez. Erdiak hil egin ziren eta beste erdiak preso eraman zituzten.

Konkista-guda baten kronologia aztertzen da albumean, 1512 eta 1522 urte bitarteko okupazioa, inbasioa eta horren kontrako erresistentzia, hezur-haragizko pertsonaiak aurkeztuz: Jakue Belatz Medrano, Maria Hotza, Johanes Arremiritz Bakedano, Johanikot Arberoa...

Dokumentazioa eskuan, hori aztertu eta xehatu dute bost menderen ostean Amaiurri buruzko liburua modu grafikoan eskaintzeko.