INFO

Donostian «turismo desazkundea» martxan jartzeko aldarrikatu dute herritarrek

Turistifikazio masiboaren aurka mobilizazioa egin dute igande goizean Donostian. Adin guztietako hiritarrak elkartu dira «turismo desazkundea» martxan jartzeko eskatuz eta donostiarren bizi baldintzak errespetatzeko aldarri eginez.

Donostiako herritarrek turistifikazio masiboarekin amaitzeko eskatu dute. (Idoia Zabaleta | FOKU)

«Hirian turistifikazioa gelditzeko eskatzen dugu eta desazkunde turistikorantz bidea hartzeko, uste dugu gehiegizko pisua hartu duela turismo jarduerak Donostian, eta bertako herritarren bizimodua kaltetzen ari dela», horiek izan dira Asier Basurto Bizilagunekin eragileko kidearen hitzak, igande goizean Alderdi Ederretik abiatu eta alde zaharra zeharkatuz Kursaalean amaitu den mobilizazioan. Eskakizun zehatz bat dute: eztabaida ireki bat egitea desazkunde turistikoaren bidea hartuz, «murriztu ezean, arazoak handitzen jarraituko duelako».

30 eragilek baino gehiagok egin dute bat igande goizeko mobilizazioarekin eta desazkunde turistikoa galdegiten zuen pankartaz gain, aldarri gehiago ere egon dira. Batetik, etxebizitza eskubidea aldarrikatzen zuena, STOP Desahucios eragilearena, eta Culinary Center proiektua gaitzesten zuen beste bat ‘Manteo eta Zemoria parkeak ez ikutu!’ zioena.

Etxebizitzaren aldarriek hartu dute erdigunea hala ere,  ‘Zerbitzu gehiago, hotel gutxiago’, ‘funts putreak kanpora’, ‘etxeak bizitzeko, ez negoziorako’  edota ‘hemen bizi nahi dugu’ oihuak zabaldu ziren Donostiako kaleetan barrena. Basurtoren iritziz ere, etxebizitzaren arazoa da nabarmenena: «Milaka donostiar hiritik joatera behartuta sentitu dira, eta beste hamaika ondorio ere badaude: kulturalak, sozialak, ekonomikoak, ekologikoak… dagoeneko marra gorriak gainditu dira».

Udalak hartutako neurrian inguruan galdetuta, esan du «operazio kosmetiko» bat dela udala egiten ari dena, herritarren kezka eta haserrea baretzeko neurriak hartzearen irudia ematen ari dela, baina «ateak zabalik» uzten dituela pisu turistikoak hazten jarraitzeko eta turismo jarduera orokorra hazteko. Gaineratu dute udala «turismo jasangarriaz» mintzo denean, «antzerkia» egitean ari dela, tasa turistikoaren inguruan asko hitz egiten dutela, baina bildutako dirua zertara bideratu nahi duten ezkutatu dutela salatu dute.

«Barra librea turismoari»


Alde zaharreko kaleetatik barrena egin dute mobilizazioa, eta piztu dute igande goiz eguzkitsuz bisita gidatuak egiten zebiltzan turista taldeen arreta, baita maletak eskuetan salatutako pisu turistiko horietara zihoazenena ere. Kursaal paretik igarotzean ‘Turespaña, kanpora’ oihukatu dute manifestariek, izan ere, bihartik aurrera Espainiako turismo enpresen topaketak egingo dira bertan. Amaierako irakurketan nabarmendu dute horrelako ekimenak Donostian egitea, ez dela kasualitatea: «Azken urteetan turismoaren bitartez negozioak egiteko gune gisa nabarmendu da Donostia, turistifikazioari barra librea eman zaionez, hirira inbertsiogile, multinazional, espekulatzaile, oportunista, eta klase guztietako putreak erakarri ditu».

Ez Donostia, ez Euskal Herria ez daudela salgai aldarrikatu dute mobilizazioan zehar, eta Alde Zaharreko Gazte Asanbladaren pankartak ere aldarri hori egin du bere. Turismoaren eraginez beren hiriak izan dituen aldaketak zerrendatu dituzte: «Hiri espazioak turismo negozioen baitan eraldatu dira, prezioen garestitzea, auzoak bisitaleku soil bihurtzea, natur guneak atrakzio gisa erabiltzeko proiektuak bihurtu nahia, merkataritza txikia hilzorian egotea, ondare arkitektoniko eta kulturala arriskuan jartzea, euskara apaingarri huts bilakatzea, eta milaka donostiarren bizi proiektua bertan gauzatu ezinik kanpora alde egitera behartzea».

Udalak «deszentralizazioa eta desestazionalizazioa formula magiko gisa» saltzen dituela kontatu dute, baina horrek «turismoa masiboa» auzo guztietara, eta urte osora zabaltzea ekarriko duela adierazi. Neurri zehatzak  hartzeko eskatu dute amaierako ekitaldian: «Alokairuen prezioak mugatu behar dira, pisu turistiko gehiago jartzeko aukerak ezabatu eta egungoak murrizteko neurriak abiatu, espazio publikoa bertakoen bizitzen beharretara egokitu behar da eta auzoetako bizitza komunitarioa sustatzeko politikak jarri behar dira martxan».

«Herritarrei hitz egiten utzi eta adi entzuteko» eskatu diete erakunde publikoei, eta hasieran aipatu bezala desazkunde turistikora bidean trantsizioa adosteko eztabaida irekiak egitea.