INFO

Gazako sarraskia gogoan izango dute Gernikako bonbardaketaren 87. urteurrenean

Apirilaren 26an Gernikako bonbardaketaren 87. urteurrena izango da. Aurten Gernika Memoriaren Lekuko plataformak salatuko du Gazako sarraskia. Izan ere, «memoria elkartasunean oinarritzen da. Justizian. Ahotsa altxatzean, beharrezkoa den une, arrazoi, eta bider guztietan».

Larunbat honetan Gernikan egindako agerraldia. (GERNIKA MEMORIAREN LEKUKO PLATAFORMA)

Gernika Memoriaren Lekuko plataformak Gazako sarraskia salatuko du aurten, apirilaren 26an izango den Gernikako bonbardaketaren 87. urteurrenean.

Larunbat honetan Gernikan egindako agerraldian Sabin Ibazetak azaldu duenez, «memoria mundua begiratzeko modu bat da. Eta zalantzarik gabe guk Gernikatik eraikitzen dugun memoria elkartasunean oinarritzen da. Justizian. Ahotsa altxatzean, beharrezkoa den une, arrazoi, eta bider guztietan».

«Horregatik diogu, beste behin ere, gu beti Palestinako herriarekin egon garela, eta izango garela, eta bere aurkako genozidio saiakera, gure aurka saiatu ziren bezala, beti gogoratuko dugula historiaren lekurik ilunenenera eraman dezan Israelgo estatua», gaineratu du.

Pablo Gonzalez eta Nestor Basterretxea

Ibaizetak, Maite Azurmendirekin batera, aurkeztu ditu datozen egunetako ekitaldiak. Nola ez, egun bereziena 26a izango da. Sirena berriro entzungo da Gernikan faxisten erasoa gogoratzeko; eta Gernika Batzordeak ibilbide bat antolatu du kandelekin.

Apirilaren 27an izango da Palestinarekin Elkartasun Eguna, eta maiatzaren 3an, Prentsa Askatasunaren Nazioarteko Egunean, aldarrikatuko dute Pablo Gonzalez kazetariaren askatasuna.

Amaitzeko, maiatzaren 6an Nestor Basterretxearen jaiotzaren 100. urteurrena ospatuko da.