INFO

Narkotrafikoaren amaraunetik ihesi

SUJO
Mexiko, 2024. 126’. Zuzen eta gidoia: Fernanda Valadez, Astrid Rondero. Akt.: Juan Jesús Varela, Yadira Pérez, Sandra Lorenzano, Karla Garrido. Foto.: Ximena Amann.

‘Sujo’ filmeko eszena bat. (Pimienta Films)

Astrid Rondero eta Fernanda Valadez mexikar zinema zuzendarien film dramatikoa da. Mexikoko herri txiki batean, karteleko pistolari bat erail dute. Sujo, haren lau urteko semea, umezurtz eta arriskuan geratuko da. Heriotzatik salbatuko duen izebaren laguntzarekin, Sujo landan haziko da narkotrafikoaren amaraunetik ihesi eta zoritxarra, pobrezia eta etengabeko arriskuak saihestu beharko ditu.

2024ko Sundanceko Zinemaldian estreinatu zen, eta Munduko Zinema Dramatikoko Epaimahaiaren Sari Nagusia irabazi zuen, baita Donostia Zinemaldiko Espainiako Lankidetzaren Saria ere.

Posible al da familiaren herentziatik, inguruan dugun jendeak iraganean egindako akatsetatik, jaiotzen garen inguruneak eragiten dituen estigmetatik ihes egitea? Galdera horri erantzuna ematea izango da ‘Sujo’ filmaren helburuetako bat.

Istorioa coming of age estilotik azaldua dago eta atalka egituratu dute. Horren harira, «horrela egituratua dago, hasiera-hasieratik hazkundeari buruzko eleberriek eragin handia izan zutelako», azaldu dute zuzendariek. «Iruditzen zitzaigun literatura-genero batek eman ziezagukeela aukera filmaren hasierako kontzeptua hobeto kontatzeko», gehitu dute.