INFO

‘Iragan atergabea’ argitara atera du Julen Belamunok, iragana berreskuratzen duen ipuin liburua

‘Iragan atergabea’ da Julen Belamunok idatzitako hirugarren ipuin liburua, kasu honetan, zazpi istorioz osatutakoa. Ostegun honetan aurkeztu du lan berria Donostian.

Julen Belamuno, ostegun honetan Donostian. (Jon URBE | FOKU)

‘Iragan atergabea’ (Elkar, 2025) liburua aurkeztu du ostegun honetan Julen Belamuno idazleak, iraganari buruzko hainbat istorio eta pertsonaia batzen dituena. Modu honetan, ipuin liburu bat idatzi du berriz ere, azkena argitaratu eta bost urtera.

Belamunok, Xabier Mendiguren editorearekin batera, ostegun honetan aurkeztu du ‘Iragan atergabea’ Elkar argitaletxeak Donostiako Fermin Kalbeton kalean daukan dendan. Ekitaldi honetan egileak berak literatura nola ikusten duen azaldu du, baita liburuaren atzean dagoen iraganaren ideia ere.

Belamunok argitaratutako laugarren liburua da ‘Iragan atergabea’. Duela hamar urte estreinatu zen ‘Ukabilak eta loreak’ kontakitzun bildumarekin eta, urte bat beranduago, ‘Gaueko zaintzailea’ argitaratu zuen, bere lehenengo nobela. Denbora hartu zuen bere hurrengo liburua idazteko, ‘Hotz industriala’, ipuin bilduma hau ere.

‘Iragan atergabea’-rekin Belamuno bere genero gustukoenera bueltatu da. Zazpi ipuinez osatuta, egileak istorio «errealista bezain misteriozkoak» bildu ditu. Hain zuzen, idazleak zehaztu du «ipuin liburua» dela «ipuin bilduma» baino gehiago: «Hau ipuin liburu bat da, zazpi kontakizunez osatutakoa. Hor, askotan terminologia arazo bat dago: ipuin bilduma, ipuin liburua... Ze alde dagoen, ezta? Bilduma da, normalean, elkarren artean loturarik ez daukaten ipuinez osatutako liburua; eta ipuin liburua, berez, elkarren artean lotura daukaten testuekin, batez ere gaien aldetik, egindako lana da».

Berak argitaratutako liburuaren kasuan, nahiz eta kapituluak independenteak izan eta pertsonaiek elkarrekin zer ikusirik ez eduki, «gaien aldetik badago late motiv bat»: iragana.

«Ipuin guztietan beti dago aspaldiko kontu bat, oso aspaldikoa askotan, 40 urte lehenagoko kontu baten itzulera. Eta itzulera horrekin batera iragan horrek oraindik ere bizirik segitzen duen sentipen moduko bat ere badago. Horregatik da ‘iragan atergabea’, oraindik ere segitzen duelako», azaldu du Belamunok.

‘Iragan atergabea’ liburuan aurki ditzakegu «herriko kintoen artean bizirik segitzen duten azken bi lagunen artean sortzen den lehia sorra; semearen zaintza kendu zioten emakume toxikomanoak biloba topatu zuenekoa; bainuetxeko ustezko baretasunean pizturiko gorroto gorria; eta kondesa baten jauregiko jardinean bizi den anakoretak inguruan biltzen duen jendetzaren» istorioak.

Eta, ipuinak bezala, liburuko pertsonaia bakoitza «mundu bat da». Belamunok onartu duenez, beretzat «inportanteena pertsonaiak dira», gertaerak, tramak edo giroak baino gehiago. Zentzu honetan, bere liburua aldendu du gaur egun idazten diren ipuinetatik, tramari eta abiadurari garrantzi handia ematen dietenak: «Gaur egun ekintza askoko literatura egiteko joera badago, ‘azkarra, bizia, freskoa, dinamikoa...’ deitzen zaiona. Nik ‘abiadura handiko literatura’ esaten dut».

Aitzitik, bere liburukoa «nahiko kontaera lasaia eta patxadatsua» dela esan du: «Ez dira gauza asko gertatzen liburu honetan, baizik eta inportanteena da pertsonaiek sentitzen eta pentsatzen dutena, edo, kasu honetan, gogoratzen dutena. Irakurle lasaia eskatzen du, presarik gabekoa».

Amaitzeko, azaldu du liburua idaztea ez dela «nostalgia» kontu bat izan, baizik eta «iraganaren presentzia» dagoela. Eta ideia hori irudikatzeko, William Faulkner eleberrigilearen esaldi bat aukeratu du liburuaren muina azaltzeko: «‘Iragana ez da inoiz hiltzen. Eta igaro ere ez da egiten’. Iragana hor dago, eta egongo da beti. Azken batean, iraganaren emaitza gara, eta liburuari batasuna ematen dion ideia hori da».