Iberdrolako langileek grebara jo dute enpresaren historian lehen aldiz: %80ko erantzuna izan du
124 urteko historiaren ondoren, Iberdrolako langileek greba egin dute lehenbiziko aldiz hitzarmen berri bat eskatzeko eta plantillak azken urteetan galdutako erosteko ahalmena berreskuratzeko. ELA sindikatuen arabera, lanuzteak %80 baino gehiagoko erantzuna izan du.
Egun historikoa bilakatu da ekainaren 6a Iberdrola, Euskal Herrian egoitza duen konpainia elektrikoaren langileentzat, sindikatuek nabarmendu dutenez. Aurrenekoz, enpresaren langileek grebara jo dute hitzarmen berri bat sinatzeko nahian. Bilboko Euskadi plazan, enpresaren izena daraman dorrearen parean, 2.000 langile inguru bildu dira UGT, CCOO eta ELA sindikatuek deituriko mobilizazioan. Horrez gain, lan zentro txikietan, langileek manifestazioak egin dituzte kalean.
Sindikatuek salatu dute Iberdrolako langileriak erosahalmena galtzen jarraitzen duela (%16) azken lau urteetan, konpainiak mozkinak errekorrak hausten dituen bitartean. Izan ere, ELA sindikatuak gogorarazi duenez, enpresak 5.612 milioi euroko mozkin garbiak izan zituen 2024an, %17 gehiago 2023arekin alderatuta. Sindikatuak beste zifra batzuk eman ditu: «Iberdrolak 1.166 milioi euro banatu ditu dibidendutan (%23 gehiago 2023arekin alderatuta) eta 200 milioi euro banatu ditu bonusetan, zuzendarien artean».
Gaur goizean CCOO, UGT eta ELA sindikatuek egindako mobilizazioan, hauek izan dira aldarrikatu dituzten eskakizunak: sortutako aberastasunaren banaketa duina, KPIren gutxienezko soldata igoerak, galdutako erosahalmenaren berreskurapena, eta lanorduen murrizketa. Hots, eskakizun horiek biltzen dituen hitzarmen «duin» bat.
Dena den, ELA sindikatuak salatu du Iberdrolaren zuzendaritzak hitzarmenaren negoziazioan erakutsi duen «erabateko itxikeria»: «Hormarekin negoziatzea bezala da eta ez du onartu nahi azken lau urteetan erosteko ahalmenaren %16,5eko galera».
Sindikatuek urtarrilean ekin zioten lan hitzarmena negoziatzeari, baina negoziazioek ez dute aurrera egin. Gauzak horrela, Gorka Lopez ELA sindikatuko ordezkariak argi utzi du grebara jo behar zutela langileek: «Lau urte daramatzagu mobilizazioak egiten, eta lehen aldiz grebara jo dugu. Oso pozik gaude grebaren jarraipenarekin, zentro handietan %80k bat egin du greba egunarekin, eta zentro txikietan ehuneko ehunek».
«Deialdi arrakastatsutzat» jo du sindikatuak gaurko mobilizazioa: «ELAk, Iberdrolan Euskal Herrian ordezkaritzaren %50 baino gehiago duenak, greba egin du historian lehen aldiz. Asua, Ortuella, Abadiño, Gernika, Leioa, Durango, Santurtzi, Barazar, Miramon, Hernani, Eibar eta Ordiziako zentroetan oro har %100eko eragina izan du».
Sindikatutik eskainitako beste datu batzuen arabera, Araban %90eko jarraipena izan du lanuzteak, Iberdrola dorrean %60, Larraskitun %80, Iruñean %60, Tuteran %75 eta Tafallan %80.
Negoziazioak aurrera darrai
Gaurko greba egunaren ostean, sindikatuak hilaren 10eko hitzarmeneko negoziazio mahaiaren bilerara joango dira, enpresaren jarreraren zain.
Hala ere, Ruben Sainz CCOO sindikatuko ordezkaria kezkatuta azaldu da etorkizunari begira: «Giza baliabideak kudeatzeko eredu bat da, eta bere eredua da KPIa ez dela oparitzen, langile bakoitzak irabazi egin behar duela, eta meritokrazia tresna nahikoak daudela horretarako».
CCOOtik ohartarazi dutenez, greba egun gehiago egin behar badituzte, egingo dituzte. ELAko ordezkaria den Gorka Lopezek ere egin du negoziatzeko deia: «Madrilen bilduko gara datorren asteko asteartean, asteazkenean eta ostegunean eta espero dugu euren jarrera aldatzea».
Gainera, Lopezek azaldu du hiru sindikatuak batera joango direla. «Ezin ditugu alde batera utzi gure ezberdintasunak, baina batu egin gara hiru sindikatuok borroka honen alde», aitortu du.