Baffineko hormatzar batek ekarpen berri azpimarragarria jaso du
Ky Hart eta Erik Boomer eskalatzaileek uharteko urrutiko eremu batean, Kangiqtualuk Uqquqti fiordoan, ‘Sikunga Express’ ibilbide zabaldu dute. Jarduera hori biribildu ahal izateko, horman 20 egun zintzilik egon ziren.
Baffin uhartea erabat erakargarria da batez ere esplorazioa eta ukitu gabe dauden hormak bilatzen dituztenentzat. Azken hamarraldi hauetan uharte basati horrek hainbat eta hainbat espedizio jaso ditu; ez gehiegi munduko beste bazter batzuekin alderatuta.
Nahiz eta ohiko denboraldia ez izan, Ky Hart eta Erik Boomer abenturaren bila abiatu ziren Baffinera: Kangiqtualak Uqquqti fiordora. Hots, Baffineko eremu isolatuetako batera. Esplorazioan oinarrituta, ukitu gabe zegoen murru luze bat aukeratu zuten. Eta 23 eguneko lan eskergaren ondoren, ‘Sikunga Express’ ibilbidea sortu zuten. 975 metro eta 19 luze ditu. Zailtasun teknikoak, berriz: 5.10, A3+ eta M7. Maila orokorra: VII. Irakurtzen den bezala, jarduera horrek alpinismoaren hainbat atal jaso ditu: eskalada librea zein artifiziala eta mistoa. Protagonistek baieztatu dute zailtasun teknikoak iraunkorrak izan zirela.
Boomerrek adierazi du joan den maiatzean Kanadako uharte handienera eskarmentu berrien bila joan zirela: «Uhartearen ekialdean murru luze birjin bat eskalatu nahi genuen. Eta, zorionez, gure plana bikain atera zitzaigun; izan ere, Clyde ibaiaren iparraldean, Kangiqtualauk Uqquqti fiordoan (garai batean Sam Ford izena izan zuen), gogor borrokatzen egon ginen. Alderdi horri Artikoko Yosemitea deitzen diote».
Maiatzaren lehenetik 23ra, ekarpen berria egin zuten; horietatik 20 egun horman zintzilikatuta igaro zituzten. Oro har, eskaladaz gain, Baffineko klima kudeatu behar izan zuten. Tenperatura hotzekin jardun zuten: beroena -7º. Batez bestekoa, berriz: -15º. Hortaz gain, ekaitzen menpe egon ziren.
«Helburua lortuta»
Aukeratutako paretara hurbiltzeko, bi eskalatzaileok onartu dute bere kabuz bidaiatu nahi izan zutela: «Garraiobide autonomoa erabili genuen: elurrean erabiltzen den moto eta komatik (inuiten egurrezko lera) bana. Gure asmoa alderdi haietan laguntzarik gabe ibiltzea zen. Marra birjin bat eskalatu nahi genuenez, hainbat pareta aztertu genituen. Eskalatu berri duguna oso erakargarria eta tentea zen. Izotzezko aldapa bat gainditu eta murruan sartu ginen. Hor hasi zen borroka. Luze batzuk oso zorrotzak eta nahasiak izan ziren. Arroka ez zen batere egonkorra, eta horregatik luze batzuk artifizialean gainditu genituen. Oro har, oso interesgarria izan zen, batez ere eskalada askearen, artifizialaren eta mistoaren nahasketa izan zelako».
Arestian aipatu dugu eguraldiarekin ere borroka handia izan zutela. Bidearen erdian zirela, elur ekaitz batek harrapatu zituen. Baretu zenean, igotzen jarraitu zuten. Bigarren geldialdian, berriz, haizete bortitzek protagonismoa hartu zuten: «Antolatu genuen bibaka arriskutsua zen. Haizetea altxatu zenean, hasieran dibertigarria zen, baina indarra hartu zuenean une larriak bizi izan genituen. Ezin genuen ezer egin; soilik uhalei ondo eutsi astindu bakoitzean gehiegi ez sufritzeko».
Ekaitza bezala, haizetea baretu zen. Albo-kalte ugari izan zituzten, besteak beste, erabiltzen ari ziren lau soketatik hiru txikituta geratu ziren. Alabaina, gailurretik gertu ziren, eta baldintza kaskarretan eskalatzen jarraitu zuten. Bat-batean, eguraldia aldatu zen, eta bero sargoriarekin ‘Sikunga Express’ amaitzeko aukera izan zuten.