Rosa Zarra: «Egia da gure doluaren hasiera, zure duintasuna berreskuratu dugu»
Astelehenean, ekainak 30, 30 urte beteko dira Rosa Zarra –Rosi hurbilekoentzat– hil zela Ertzaintzaren pilotakada batek eragindako zaurien ondorioz. «Maitasunez eta egiarekiko leialtasunez osatutako familia bati esker», Rosi polizia indarkeriaren biktima gisa ofizialki aitortzea lortu da aurten.
Eguerdia da Donostiako Anoeta ondoan dagoen Olaeta Plazan. Argazki bat dago oholtza baten ondoan, Rosa Zarrarena da, Rosirena, duela 30 urte Ertzaintzaren pilotakada batek sortutako zaurien ondorioz hil zen donostiarrarena. Irudiaren ondoan, ‘Berriz ez’ dago idatzita letra handiz. «Berriz ez ertzainen pilotakadek eragindako heriotzarik. Ez zauri larririk, ez begi galtzerik. Berriz ez poliziaren biolentzia eta gehiegikeriak zuritzeko asmatutako gezurrik, ez epaiketa manipulaturik. Berriz ez 30 urte luzeko itxaronaldirik egia aitortua izan dadin. Berriz ez...».
Graduz gradu berotzen zihoan giroan, ekitaldiaren hasieran gerizean zegoen plazan bildu dira hamaika herritar, baita alderdi politiko batzuetako ordezkariak ere, EH Bildukoak eta Sortukoak. Euskal gatazkan milaka giza eskubide urraketa, ehunka heriotza gertatu direla oroituz hasi dira. «Guztiei zor diegu aitortza, salbuespenik gabe. Bide horretan beste urrats bat ematea da ekitaldi honen helburua».
Bi ertzainek gomazko pilota jaurti zuten sei metrora, eta zuzenean jo zuten Rosiren sabelaldea.
1995eko ekainaren 22a zen. Gaueko bederatziak inguruan plaza honen atzeko dorreen arkupeetara hurbildu zen Rosi, Maider alabarekin batera, honen graduazioa ospatzekoak baitziren. Bi ertzainek gomazko pilota jaurti zuten sei metrora, eta zuzenean jo zuten Rosiren sabelaldea.
Ezaguna da bere irudia, sabela helduz, Gurutze Gorriko bi pertsonek lagunduta anbulantziara bidean. Arantzazuko Ama ospitalera eraman zuten, justu giltzurrun-ebakuntza egin berri zioten lekuan kolpatu zuelako pilotakadak. Ongi ikusi zuten, eta alta jasota itzuli zen etxera.
Hiru egunera, ordea, min handia sentitu zuen sabelaldean eta ingresatu egin zuten. Ekografia eta frogetan inongo lesiorik antzeman ez bazioten ere, okerrera jo zuen, sukarra eta arnasa hartzeko arazoak izan zituen. Orduan ikusi zuten infekzio zabala zuela eta heste lodia geldirik. Ekainaren 30ean hil zen.
30 urte igaro dira bere heriotza «naturala» izan zela ebatzi zutenetik. Baina azkenean lortu da Rosi polizia bortxaren biktima izan zela aitortzea. «Ez zen inoiz pilotakada hori jaurti beharko. Ez zen inoiz gezurrik eraiki beharko. Rosi gogoan, berriz ez!».
Errudunak, aktiboak eta pasiboak
Mugan musika taldeko Joseba, Enara eta Pablok «garaiz baina berandu da» abestu dute senideak jendez eta krabelin gorriz babestuta eta inguratuta daudela, Rosiren argazkiari begira.

Rosi artatu zuen medikuak, Alex Elosegik, hartu du hitza: «Gertatu zena lotsagarria, penagarria izan zen. Gezur hutsa. Hasieran inork ez zuen ezer esaten. Modu pribatuan komentatzen zen gezurra zela, baina ez zen gehiagorik egiten. Nefrologoa naiz, Rosi ezagutzen nuen eta niri tokatu zitzaidan zerbait egitea. Gutun irekiak idatzi nituen. ‘Egin’, ‘Euskaldunon Egunkaria’ eta ‘El País’-era bidali nituen . Hirurek argitaratu zuten».

Nefrologoak errudunak seinalatu ditu. Alde batetik errudun aktiboak: «Forentseak, bertsio ofizial hori eman zutenak; epailea, kasua berehala itxi zuena; Ertzaintza bera, kasua ixteko interesa zuena; alderdi politikoak, hemengoak batzuk; Ertzaintzaren burua, Juan Mari Atutxa, ‘edozein modutan hil egingo zen’ esan zuena Rosiri buruz; eta hedabide gehienak».
Bestetik, errudun pasiboak: «Medikuak, ospitaleko zuzendaritza eta Medikuen Elkargoa».
Izeba Rosi
Iñaki Goñi Irazusta Rosa Zarraren ilobak hiru bertso hunkigarri eskaini dizkio izebari. «... Pozik gaude azkenean egia aitortu delako;/ berandu iritsi arren erdi argal, mehe, flako;/ hanka sartu zenutela esan ez duzuelako./ Babestu gaituzuenoi, benetan, eskerrik asko!», zioen lehenak.

Segidan, Maider eta Rosa, Rosiren alabak, igo dira oholtzara, anai-arreben eta senarraren izenean testu eder bat leitzeko. «Egia da gure doluaren hasiera. Zure duintasuna berreskuratu dugu. Ez instituzioei esker, baizik eta maitasunez eta egiarekiko leialtasunez osatutako familia baten bidez. Guk bihurtu dugu zure izena egia».
«Instituzioen aldetik mespretxua eta umiliazioa, besterik ez dugu jaso. Egia lapurtu ziguten», salatu dute alabek.
Kontatu dute beren ama oharkabean pasatzen zela, baina beraientzat mundu bat zela, zutabea. Bizipoz handia zuen, baina Ertzaintzaren pilotakada batek itzali zuen bizipoz hori. Isiltasuna, ukoa, gezur handi bat etorri ziren gero. «Instituzioen aldetik mespretxua eta umiliazioa, besterik ez dugu jaso. Egia lapurtu ziguten», salatu dute.
Atutxari dei zuzena
30 urte igaro dira aitorpena iristerako. «Ez da berandu ardurak eskatzeko. Juan Mari Atutxari dei egin nahi diogu: ez dezala barkamena eskatzeko aukera hau galdu».
Esker pila bat banatu dute. Lehena aitari. «Aita, beti hor egon zara guretzat. Zaindu gaituzu, eta eutsi, beti. Eskerrik asko». «Eskerrik asko, Maider», esan dio ahizpak. «Indarkeriaren lekuko izan zinen. Beti guregandik gertu egon zara, alaitasunez, gu animatzeko gogoz. Eskerrik asko presente egon zineten guztioi, testigantza eskaintzeko prest, eskatu ez arren. DYAri, ama, aita eta Maiderri laguntzeagatik. Alex Elosegiri, zintzotasunagatik eta etika profesionalagatik. Lehena eta bakarra izan zinen. Orain badakigu zer garesti ordaindu zenuen. Balorazio Batzordeari, Egiari Zorri, Zarra eta Irazusta familiei. Iñaki Goñiri. Daniri, gure ahotsa izateagatik, zure konpromisoagatik. Zure laguntzarik gabe ez genuke lortuko».
«Ama, zure egia da gure askatasuna. Zure duintasuna, gure herentzia. Ez zaitugu ahaztuko».
Lehendakariari mezua
Aurreskuaren eta lore eskaintzaren ondotik, Egiari Zor Fundazioko Pilar Garaialdek eman du mezua: «Rosaren duintasuna eta memoria berreskuratzeko familia honek erakutsi duen irmotasuna eta ausardia, miresgarria eta hunkigarria da, zalantzarik gabe. Egin behar izan duten esfortzua ordea, gaur egun oraindik esparru politiko-instituzionalean indarkeria politikoaren biktimen eta memoriaren politika publikoen arloan dagoen hipokrisia handiaren erakusgarri da. Esparru horretan, Estatuak eragindako biktimek, oro har, eta, ikusten dugunez, Ertzaintzak eragindakoek ere, diskriminazio-lauza handi baten zama jasaten jarraitzen dute».
Egiari Zor: «Eskubide hau norbanakoen esparrutik kolektibora igaro behar da; izan ere, biktima horien aitortzak eragina izan behar du gizartearen iruditegian».
«Ertzaintzak eragindako urraketa guztiak aitortzeko garaia da», azpimarratu du. «Eskubide hau norbanakoen esparrutik kolektibora igaro behar da, eremu intimo eta pertsonaletik publiko eta sinbolikora; izan ere, biktima horien aitortzak eragina izan behar du gizartearen iruditegian, indarkeriaren ondorioek irakaspen eta ikaskuntza bilakatzeko bertutea izan dezaten».
Hego Euskal Herrian aitortza eta erreparaziorako legezko mekanismoen bidez 515 etik gora dira momentuz ofizialki aitortutako biktimak. Tartean, Ertzaintzak torturatutakoak, zaurituak eta hildakoak daude jadanik, nahiz eta aitortza hauen aurrean «isiltasun hotza izan den Jaularitzaren adierazpen publikoa».
14 hildako eta 311 torturatu
«Hasiera besterik ez da hau, asko baitira aitortzarako prozesu honetan dauden eta egongo diren eskaerak kontutan izanik 311 direla Ertzaintzak torturatutako herritarrak eta ehunka direla larriki zauritutakoak. Rosa bezala gorputz polizial honen bortxaren ondorioz, 14 pertsona hil zirela ahaztu gabe», azaldu du Garaialdek.
Egiari Zor Fundazioak, Rosi oroitu duten Donostiako plaza
honetatik, zera eskatu diete lehendakariari eta Barne sailburu berriari: «Autokritika zintzoa, Ertzaintzak eragindako mina aitortzea, erantzukizunak onartzea eta erreparatzeko borondatea».
Zarra-Irazusta familiak oztopoz betetako bide ilunean tunel beltzetik irtenda argia ikusi duen bezala, eguzkia jabetu da plazaz eta ‘Txoria txori’ eta ‘Xalbadorren heriotzean’ elkarrekin abestuz bukatu dute Rosa Zarraren omenaldia.