Fagor Arrasate bere lantegia handitzen ari da, 20 milioi eurotik gorako inbertsioarekin
Makina handiagoak eta hobeak egiteko eta produktu eta sektore berrietarako dibertsifikazioari aurre egiteko Fagorrek Arrasateko lantegian 20 milioi eurotik gorako inbertsioa egin du mekanikazio astunerako eraikin berri bat egiteko. Gainera, deskarbonizazioan «urrats esanguratsua» izango da.
Fagor Arrasatek 20 milioi eurotik gora inbertituko ditu mekanizazio astunerako eraikin berri bat egiteko Arrasaten, «merkatuko erronka berriei behar moduan heltzeko eta ekoizpen gaitasuna indartzeko, besteren artean, iraunkortasunaren eta efizientzia energetikoaren aldeko apustua berretsiz».
Honen berri emateko helarazi duen oharrean gaineratu dutenez, azpiegitura berri hau 2026ko apirilean amaituko da eta 2027 urtearen hasieran jarriko da martxan.
200 tona arteko pisua duten piezak mekanizatzeko gai izango den egitura handien mekanizazio unitate bat hartuko du eraikin berriak. Honekin Arrasaten zentralizatuko da ekoizpen prozesuan estrategikotzat duten mekanizatu astuneko jarduera. Kooperatibak dioenez, horrek prozesuaren efizientzia eta iraunkortasuna hobetuko ditu.
30 metro arteko luzerako mahaiak eta 7 metroko altuerako zutabe mugikorrak dituzten fresatzeko makina mandrinatzaileak bilduko ditu eraikinak. Kalitate estandarrak hobetzeaz gain, energia kontsumoa eta CO2eq isuriak murriztea ekarriko du honek, «urrats esanguratsua» prozesu industrialen deskarbonizazioan.
Inbertsio berriari esker, Fagor Arrasatek Arrasateko lantegian egin ahal izango ditu ekoizpen prozesuko fase guztiak eta, horrek, pisu handiko osagaiak haien mekanizaziorako beste leku batzuetara eraman beharra saihestuko du, hobekuntza nabarmenak eraginez denboretan, kostuan eta ingurumen inpaktua murrizteko helburuan.
Nazioarteko ziurtagiria
US Green Building Councilen (Estatu Batuetako Eraikuntza Berdeko Kontseilua) LEED Gold ziurtagiria izango du eraikin berriak. Nazioarteko ngurumen jasangarritasunaren eta efizientzia energetikoaren alorretan, prestigio handiena duten ziurtagirien artean dago. Besteak beste, egoitzak efizientzia energetikoan, uraren kudeaketa jasangarrian, barruko ingurumen kalitatean, material arduratsuen erabileran eta isurien murrizketan estandar zorrotzak betetzen dituela ziurtatzen du.
P-1 eta P-4c partzelak bateratzea ere ekarriko du egitasmo berriak. Tartean, bigarrenean zegoen Fagor Etxetresnetako bulegoen eraikin gorria eraitsi dute, aparkalekuak egiteko. Markesina fotovoltaikoak jarriko dira bertan, autokontsumorako energia berriztagarria sortzeko.