Washingtonen «okupazioa», beste hiri demokratetarako probaleku
Estatu Batuetako hiriburuari autonomia kendu, Polizia bere agindupean jarri eta Polizia Nazionala eta Polizia Federalak hirian hedatu eta hiru astera, gero eta argiago dago Donald Trump ez dela Washingtonekin konformatuko. Bere aurka egin duten hiri demokratak ditu jopuntuan.
Elkar gorroto dute Washington hiriak eta Donald Trumpek. Botoen %6 baino ez zituen lortu presidenteak iazko azaroan AEBko hiriburuan; %92 demokratentzat izan ziren. Mendeku gosez sartu da agintean Trump, baina washingtondar errepublikanoak aurkitzea zaila den arren, hiriaren estatus bereziak –50 estatu federaletatik at eta udal-autonomia izan arren Kongresuaren agintepean– erraztu egin dio «DCren» kontrol zuzena hartzea. Muriel Bowser alkateak bereak eta bi egin ditu presidentearen oldarraldia baretzeko: errepublikanoek boterea hartu eta gutxira, Etxe Zuriaren parean zegoen «Black Lives Matter» zoruko marrazki erraldoia kenarazi zuen, esaterako.
Trumpen aitzakia Washingtonen dagoen kriminalitatea izan zen. Hilaren 3an Edward “Big Balls” Coristine 19 urteko DOGEko programatzaile izandako gazte ultrari autoa lapurtzen saiatu ziren. Hain justu, saiakera hori baliatu zuen Trumpek AEBko hiriburuko kriminalitateak bere aginte zuzena behar zuela argudiatzeko. Baina hura gertatu ez balitz, inork ez du zalantzarik beste aitzakiaren bat aurkituko zukeela, ekainean Los Angelesko zati txiki batean izandako protestek «kontrolik gabeko istiluen» aitzakia eman zioten bezala Guardia Nazionala bidaltzeko, hiriko alkatearen eta Kaliforniako gobernadorearen iritziaren aurka.
Washingtonen kasuan, urrats bat harago joan da: sei estatu errepublikanok beren Guardia Nazionaleko tropak bidali dituzte hiriburura. Iazko abuztuarekin alderatuta, behera egin dute hiriko kriminalitate datuek. «Okupazio» militar itxurak izango du zerikusirik, baina ezin ahaztu azken hiru hamarkadetako datu onenak zituela «DCk» aurten.
Hurrengoak
Chicagori eta Baltimoreri Washingtonen antzera gertatzen zaie: pandemiaren ostean hilketek eta lapurretek gora egin ondotik, asko apaldu dira datuak azken bi urteotan. Inork ez du ukatzen indarkeria eta segurtasun arazoak dituztela, alde asko dituen arazo konplexu batean: pobrezia, desberdintasun sozialak, armak lortzeko erraztasuna, arrazismo sistemikoa, narkotrafikoa eta hari lotutako gaizkile taldeak (Erdialdeko Amerikako marak eta AEB barruko bestelako taldeak).
Baina Washingtoneko esperientziak argi utzi du indar federalen okupazioaren ardura nagusietakoa ICEko immigrazio-poliziari babesa ematea dela, ahalik eta atxiloketa gehien egin ditzaten. Washington ekialdeko auzune beltz pobreetan, kriminalitate-indize handienetakoak izan arren, Columbia Heights eta etorkin latinoen inguruetan askoz militar eta agente federal gutxiago egon dira.
Aurreko astean Etxe Zuriak argitaratutako ohar batek hala zioen: «Bai, Chicagok kriminalitate arazo bat dauka». Baltimoreri ere mehatxuak egin dizkio Trumpek, eta Oakland eta New York ere aipatu izan ditu. Ez, ordea, Memphis edo Saint Louis, AEBko kriminalitate-tasarik handienetakoa duten arren Mississippi ertzeko hiri horiek. Tennessee eta Missouri estatu errepublikanoetan daude, izan ere. Estatu horietako gobernadoreak Trumpen alde egonik, Guardia Nazionala federalizatu beharrik ere ez luke izango. Estatu demokratetan larrialdi-egoera ezarri behar du, Kalifornian egin zuen bezala, Guardia Nazionalaren agintea bertako gobernadoreari kendu eta federalizatzeko.
Are gehiago, Illinoisko Chicagoko alkateak dekretu bat sinatu berri du Trumpen «inbasioari» aurre egiteko: hiriko poliziari indar federalekin batera patruilatzea debekatzen die, hiriko polizia-araudia gogorarazten du (kamerak eraman beharra, agentearen identifikazioa eta aurpegia ezkutatzea debekatzen du).
Trumpek, baina, berariaz jo nahi du demokraten estatuen aurka, lehen agintaldian bere burua migratzaileentzako santutegi izendatu zuten hirien aurka. AEBko presidentea sinetsita dago demokraten agintearen kontra jotzeko gakoa aurkitu duela kriminalitatearen aitzakian. Beste herrialde askotan bezala, eskuinak ondo daki gai hori ustiatzen herritarren pertzepzioa moldatu arte. Iazko hauteskundeen atarian, inkestek zioten estatubatuar gehienek sinesten zutela kriminalitateak okerrera egin zuela. Ez zen egia; AEBko hiriz hiri joanda, datuak hobeak ziren ia leku guztitan, baina datuek eragin txikia dute pertzepzio orokortu baten aurrean. Eta alderdien ardura herritarren kezkei erantzutea da, kezka horiek artifizialki eta modu interesatuan hauspotu badira ere. Demokraten barruko kontraesanen arrakalan sakonduta, Trumpek bere barne-arazoak uxatzea ere lortu du neurri batean.
Gobernadore demokratak
Los Angelesen Guardia Nazionala hedatu ostean –eta helegiteen auzitegiek Trumpi arrazoia eman ostean– eskubide zibilen aldeko ACLU erakundeak ohartarazi zuen ireki berri zen bide hura ez zela Kalifornian bukatuko. Chicago izan liteke hurrena, eta jadanik inork ez daki militarizazio horretan zein beste pauso eman daitekeen.
Teorian, Washington da, estatu batean ez dagoenez, beren estatutik kanpo Guardia Nazionaleko tropak bidal daitezkeen leku bakarra. Baina Trumpek Washingtonerako sinatutako agindu exekutiboak aginte berezia ematen dio Pete Hegseth defentsa-idazkariari estatu bakoitzeko guardia nazionalen gainean (teknikoki, estatu bakoitzeko gobernadorearen aginduetara daude, ez Washingtonen menpe).
Aaron Rupar kazetariak dioenez, «badirudi indar federal iraunkor bat sortzen duela, estatu demokratetara bidal daitekeena». Bistan da Illinoisko edo Kaliforniako Guardia Nazionala ez dela indar federal horretan egongo, baina badira 19 estatu errepublikano gutxienez, horretarako prest leudekeenak: «Azken agindu exekutibo honek Trumpi estatu errepublikanoetako guardiako kideak estatu demokratetara bidaltzeko baimena eman nahi dio, estatuen subiranotasunaren kontzeptu osoa hautsiz»