INFO

‘Jianyu Laide Mama’, bizitza berreraikitzearen minak

Dokumentalaren eta fikzioaren arteko hibrido bat da Qin Xiaoyu txinatarraren ‘Jianyu Laide Mama’. Senarra hiltzea leporatuta hamar urteko espetxealdia amaitzear dagoen Zhao Xiaohongen pausoak jarraitzen ditu, bizitza berregitearen nekeak eta minak erakutsiz. 

Zhao Xiaohong eta Qin Xiaoyu, filmaren protagonista eta zuzendaria. (Gorka RUBIO | FOKU)

Ez da ohiko filma ‘Jianyu Laide Mama’; lehen eszenetatik igartzen zaio. Qin Xiaoyu zinemagile txinatarrak dokumentala eta fikzioaren teknikak erabilita eraikitako filma da, Zhao Xiaohongen (filmean Hong) benetako istorioa kontatzea duena helburu: hamar urte atzera, biolentzia matxista pairatzen ari zen emakume honek eraso baten aurrean defendatu eta bere senarra hil zuen, eta hargatik preso darama hamarkada bat. Urtebeteko haurra utzi zuen kanpoan, amaginarrebarekin bizi dena, hil zuen gizonaren ama alegia. Espetxealdia amaitzen duenean kalera itzuli eta egoera zail horri egin beharko dio aurre eta, geruzaz geruza, kaiolak forma eta intentsitate ezberdinetakoak izan daitezkeela erakusten digu filmak.

«Kartzelak kontraesanez betetako lekuak dira», iritzi du zinemagileak prentsa aretoan, eta argitu du filman agertzen den espetxe militarizatua benetakoa dela. Han eduki zuten preso Zhao Xiaohong, eta han ezagutu zuten elkar zuzendariak eta protagonistak. «Zuzendaria hainbat espetxetara joan zen ni bezala kondena betetzen ari ziren hainbat preso elkarrizketatzera. Ni kondenaren amaieran nengoen, baina asko nuen esateko, konpartitzeko, bihotzean neramana. Uste nuen jende askok ez ninduela ulertuko, ez nekien nolakoa izango zen beraien erreakzioa, itota nengoen, eta nire antzerako egoeran zeudenei lagundu niezaiekeela uste nuen», kontatu du Zhao Xiaohongek, hunkituta. «Asko sufritu dugu film hau aurrera ateratzeko, baina merezi izan du», ziurtatu du.

Izan ere, azaldu dute filmean ikusten den guztia dela «benetakoa». Protagonistetatik hasita: Zhao Xiaohongek, bere semeak (12 urte ditu filmean) eta amaginarrebak euren buruak antzezten dituzte. Filmaketak espetxealdiko azken egunetatik hirurak elkartu eta bakoitzak bere bidea berregiten duen arteko unea hartzen du. «Tentsio handia zegoen euren artean, batez ere hasieran –nabarmendu du Qin Xiaoyuk–, baina filmaketan zehar euren arteko distantzia hori ezabatzen joan zen eta, amaieran, harreman askoz hobea zuten. Orain mutikoa nerabea da, mutiko bikaina, eta antzezle izateko bidean da», ospatu du zuzendariak.

Bidea ez zela erraza izan ere aitortu du protagonistak. «Bada denbora bat espetxetik irten nintzela [7 urte inguru], eta egia da zailtasun asko izan nituela, batez ere hasieran. Terapia egitea erabaki nuen. Hemen, atzerrian, esaten ari naizen hau ez da arrarotzat hartzen, baina Txinan ez da batere ohikoa. Nik uste nuen behar nuela eta orain askoz hobeto sentitzen naiz», azaldu du, eta egun bere semearekin duen harremanagatik galdetuta, mugikorra atera eta bideo bat erakutsi digu kazetarioi: ingelesez, semeak bertan geundenak agurtu eta filma ikusteagatik eskerrak eman, eta zorte ona opa nahi izan dio amari. «Pozik dago hemen gaudelako, dena orekatu egin da orain eta harro nago», esan du amak. Semea ikasketak burutzen ari dela kontatu du, asteburuetan itzultzen dela amarenera eta oporrak dituztenean amaginarrebari bisita egitera joaten direla elkarrekin.

Biolentzia matxista bada filmean zehar mahai gainean dagoen gai bat, eta horren inguruan ere mintzatu dira: amaginarrebak semea galdu izanaren mina du, baina aldi berean bere egiten du Zhao Xiaohongen mina ere. Zuzendariak kontatu du filmatzen ari zirela asko hitz egin zuela protagonistarekin, zenbait erabaki bien artean hartu dituztela, eta protagonistak argi utzi ziola berak zenbait gai agertzea nahi zuela, bere egoeran zeuden emakumeentzat baliagarriak izango zirelakoan. «Gizartean dugun arazo bat da [biolentzia matxistarena], eta ez bakarrik Txinan, unibertsala baita. Txinan, are larriagoa da iparraldeko probintzietan eta espero dut filme honek fokua horra eramatea arazo hau kontuan hartu eta denen artean gera dezagun. Espero dut baita ere –jarraitu du– film hau gizon askok ikustea, bertan islatuak ikus daitezen eta gogoeta egin dezaten».