INFO
Interview
Koldo Almandoz
Zinegilea

«‘Hondar ahoak’ naifagoa zen; ‘Zeru ahoak’ askoz zikinagoa da»

Gero eta ohikoagoa da telesailak zinema-jaialdietan estreinatzea. Aurtengo Donostia Zinemaldian, esaterako, Koldo Almandozen ‘Zeru ahoak’ izango da Sail Ofizialean, lehiaketatik kanpo. ‘Hondar ahoak’-en segida da eta protagonista, berriro ere, Nagore Aranburuk hezurmamitzen duen Nerea Garcia.  

Koldo Almandoz, Donostian. (Maialen ANDRES | FOKU)

‘Zeru ahoak’ telesailaren protagonista Nagore Aranburuk gorpuzten duen Nerea Garcia da. Lau urte igaro dira Ertzaintzatik kanporatu zutenetik, eta bolada txarra pasatzen ari da: ez da apenas ateratzen bere Bilboko etxetik. Edukiontzi batean emakume baten gorpua azaltzen denean, Lertxundi (Josean Bengoetxea) nagusi ohiak ikerketan laguntzeko eskatuko dio. Nereak ez du susmatzen iraganeko eta orainaldiko mamuek hiriko estoldetara jaistera behartuko dutenik. Koldo Almandoz zinegileak aletu dizkigu premisa berri honen xehetasunak eta sormen prozesuaren zein filmaketa lanaren nondik norakoak.

‘Zeru ahoak’ telesaila Sail Ofizialean emanaldi berezi batean estreinatu duzu; geroz eta ohikoagoa da telesailak zinema jaialdietan ikustea baina, horien eremu naturala iruditzen zaizu ala oraindik ere zerbait arrotza da eta etxeko telebistan ikusteko formatua soilik?

Zalantzak ditut kontu honekin. Hasteko telesailen munduan eduki oso anitzak eta desberdinak egiten dira. Badira telesail batzuk zinematografikoak izateagatik akaso lekua izan dezaketenak zinema jaialdietan, baina beste batzuk ez. Formatuaren arabera baino, edukiaren eta eduki horri ematen zaion formaren arabera dela esango nizuke. Egile batek, demagun Jim Jarmusch, telesail bat egiten badu, egiletza nabari zaiona, zentzu gehiago izan dezake adibidez. Telesail asko telebistara begira egiten dira, eta egiteko modua ere telebistakoa da. Beste batzuk, gurearen kasua esaterako, lan egiteko modua, planteamendua, errodajea.. zinemarena da. 

«Telesail asko telebistara begira egiten dira. Beste batzuk, gurearen kasua esaterako, lan egiteko modua, planteamendua, errodajea.. zinemarena da» 



‘Sipo phantasma’, ‘Oreina’, ‘Hondar ahoak’, ‘Zeru ahoak’... Izenburu horietan guztietan itsasoa edo ura oso presente dagoen elementua da. Kasualitatea da edo zerbait du berezitik zuretzat?

Ez dut autoterapiarik egin honen inguruan, baina donostiarra naiz eta beti egon naiz itsasoari itsatsita. Itsasoarekiko zaletasuna daukat, baina ez da nahita bilatu dudan zerbait, ez da zerbait kontzientea izan. ‘Oreina’ filmaren kasuan, esaterako, paduren mundu hori asko gustatzen zait. Urak paisaiaren aldaketa nabarmendu egiten du eta hori oso interesgarria iruditzen zait, bisualki eta narratiboki.

Ia bost urte igaro dira ‘Hondar ahoak’ estreinatu zenuela eta honek jarraipena du orain: ‘Zeru ahoak’. Aurrekoaren ildo estetikoari eta narratiboari leial, baina arnas berriz hornitua, kontakizun honek bestelako ikuspegiak, gaiak eta baliabideak jorratzeko aukera eman dizu?

Guztiz ados nago esaten duzunarekin, eta ikaragarri pozten nau zure ahotik hori entzuteak. Asmoa hain justu hori zen: koherentzia bat mantentzea, baina aldi berean eredua ez errepikatzea, eta ikusleari desafio berriak planteatzea. Bestetik, guk ere, egiterako orduan, erronka berriak bilatzen ditugu, bai trama eta sakontasun aldetik, baita istorioa kontatzeko moduagatik ere. ‘Hondar ahoak’-etik geratu zitzaizkidan halako arantzak edo frustrazio txikiak hobetu nahian ibili naiz. Nerea Garciaren pertsonaia eta beste batzuk berreskuratzen dira, baina hasieratik argi neukan ez nuela aurrekoaren jarraipen zuzena egin nahi. Bost urte pasa dira aurrekotik, eta hemengo istorioan ere bost urte pasa dira. ‘Hondar Ahoak’ gustatu zitzaionak harritzeko elementu ugari topatuko ditu hemen; aldiz, oraindik ikusi ez duenak, aurrekoaren ‘lasta’ hori gabe ikusteko aukera izango du.

(Maialen ANDRES | FOKU)


Pantailan ikusten denaz harago, pantaila atzean egon den lanaz galdetu nahi dizut. Izan ere, telesailak tonu helduagoa, kritikoagoa eta zorrotzagoa jariatzen du. Garapen hori, lan egiteko modua desberdina delako izan al da? Aurrekoan, esaterako, pandemia garaian izan zen. 

Bai, guztiz, eta asko gustatzen zait heldutasunaren kontu hori entzutea, asmoa hori zelako. Gustatuko litzaidake baliabide gehiago izatea eta gauza guztiak apur bat gehiago fintzea, baina diferentzia nabarmenena aurrekoa di-da egin genuen zerbait izan zela da, eta hau ez. Gidoia lantzeko aukera asko ez genuen izan adibidez, eta hemen idazketa guztia hobeto josita dago. Aurrekoa naifagoa zen eta hau askoz zikinagoa da. Zikina, noski, zentzu onean: pertsonaiak moralki zalantzagarriagoak dira.

Lau ataletan pertsonaia ugari agertzen dira, baina protagonista nagusia Nagore Aranburuk hezurmamitzen duen Nerea Garcia da. Nolakoa izan da pertsonaia horren eta bere arku dramatikoaren lanketa-prozesua, kontuan izanda aurrekoa amaitu zenetik lauzpabost urte igaro direla, bai fikzioan eta baita errealitatean? 

Gustatzen zait tramak eta istorioak pertsonaietan kokatzea, eta ez alderantziz. Nerea Garcia James Bond edo Sherlock Holmes moduko pertsonaia da: bera mantentzen da, baina inguruan duen istorioa ez. Pertsonaiak indar nahikoa du trama jakin batean kokatu edo beste batera mugitzeko. Zein da Nagorerekin lan egitearen abantailarik handiena? Talentu ikaragarri duen aktorea dela. Berekin hitz egiten dudanean eta pertsonaia prestatzen dugunean, ni ideia zehatz batekin noa, baina berak bere feedbacka ere ematen dit, ping-pong partida baten modura. ‘Hau zergatik egiten du? Hau egingo luke? Erretzen du?’... galdera asko egiten dizkit, eta horrek laguntzen du pertsonaia aberasten. Ia bost urte hauen iragatea, fisikoki zein emozionalki, bere pertsonaian antzematea garrantzitsua izan zen. Ez zen munduko pertsonaiarik alaiena, baina sarkasmoa eta malaostia pixkat bat irabazi duela iruditzen zait. 

«Nerea Garcia James Bond edo Sherlock Holmes moduko pertsonaia da: bera mantentzen da, baina inguruan duen istorioa ez»



Sara Cozarrek gorpuzten duen Carmen pertsonaiak asko laguntzen du Nerea Garciak dituen xehetasun berri horiek pizteko? 

Bai, gainera, Carmen asko gustatzen zaidan pertsonaia da, hain zuzen Nereari ateratzen diona beste inork ateratzen ez diolako.

Narrazioak serieko hiltzaileen kontakizunen kodeetatik edaten duen arren, ikuspegia askoz zabalagoa da: ‘Karonte’, hiltzailea, aitzakiatzat erabiltzen da estoldekin, indarkeria matxistarekin, autoritatearekin eta ‘boterearen dobermanekin’ zerikusia duten gaiak mahai gainean jartzeko? 

Hala da, bai. Niri gustatzen zaidan suspensea, noir poliziakoa edo zinema beltza, hain zuzen, hori da: gertakizunak edo krimenak aitzakia modura erabiltzen dira gizarteaz edo errealitateaz hitz egiteko. Nobela beltzak irakurtzen ditudanean edo ikus-entzunezkoak ikustean, niri gehien gustatzen zaidana pertsonaiak izaten dira. ‘Zeru ahoak’ edo beste telesail batzuek erakargarri egiten dutena pertsonaiak dira, horiek eramaten dute ikuslea eskutik alde batetik bestera. Hiltzaileen istorioak eragile modukoak dira trama mugiarazteko, baina pertsonaien arteko harremanak, elkarrizketak eta abar dira benetan funtsezkoak. 

Seriea teknikoki ikusgarria da, argazkiaren (Txarli Arguiñano) eta musikaren (Aitor Etxebarria) pisu ikaragarriak oinarri sendoa ematen diolako. Baina narrazioan detaile txikien garrantzia agerikoa da, nagusiki Harkaitz Canoren eta zure idazketatik jaiotzen direnak. Xehetasun txiki horiek harilkatzen dute kontakizuna? 

‘Hondar Ahoak’-ekin alderatuz, argi eta garbi esango dizut honekin askoz gehiago disfrutatu dudala idazten, eta ziurrenik horregatik antzematen dira gehiago detaile horiek. Lehenengoa berehala egin beharreko zerbait izan zen: EITBk baiezkoa eman zigun momentuan atzera kontaketa martxan jarri eta guztia idatzi, prestatu, aurre-ekoizpena... erokeria izan zen. Ondoren, filmatzerako orduan ere ez genuen denborarik izan detaile txiki horiei garrantzia emateko. Gustura geratu ginen, genituen baliabideekin lan txukuna egin genuelako, baina ‘gerrilla-filmaketa’ izan zen. ‘Zeru ahoak’, aldiz, guk ekoiztutako zerbait da, EITBren eta RTVEren partaidetzarekin. EITBko fikzio sailekoak oso ongi portatu dira gurekin, eta gustura gaude beraien parte-hartzearekin; elkarlana oso ondo joan da, eta bultzada sentitu dugu. Honek guztiak eraman gaitu produktu biribilago bat egitera. 

«‘Hondar Ahoak’-ekin alderatuz, argi eta garbi esango dizut honekin askoz gehiago disfrutatu dudala idazten, eta ziurrenik horregatik antzematen dira gehiago detaileak»



Harkaitz Canorekin batera idatzi duzu gidoia...

Bai, ederra izan da. Gainera, idazten jarri garenean, bata bestearekiko oso eskuzabalak izan gara, biok daukagulako jomugan proiektua ahalik eta onena izatea. Norberaren ideiak inposatu beharrean, proiektuarentzat onenak zirenak aukeratu ditugu. 

Sinbolismo eta erreferentzia zinematografiko, musikal zein literario ugari daude istorioan: Karonteren mitoa, Anariren ‘Harriak’ abestiaren une zoragarria, David Lynch, Jean Geneten ‘Diario del ladrón’ liburua, margolanak… Horiek txertatzen ere gozatu duzu? 

Bai, argi eta garbi, eta aurreko galderarekin lotzen da hau ere. Beste patxada batez idatzi dugu dena, astiro, gauzak gehiago pentsatuz… eta horrek ahalbidetu du nire gustuko gauzak edo erreferentziak sartzeko aukera gehiago izatea.