Tolosako 21 etxebizitza babestuak izaten jarraitzea eskatu du Kaleratzeak Stop-ek
Errenta urriak dituzten Tolosako Alliri auzoko 21 familien etxebizitzen babesa urtarrilean amaitzen da eta ezin izango diote jabeak ezarriko dituen prezioei aurre egin, Kaleratzeak Stop plataformak jakitera eman duenez. Hori dela eta, Lakuako Gobernuari bitartekaritza lanak egitea eskatu dio.
Tolosako Alliri auzoko 21 etxebizitzetan bizi diren familiei babesa mantentzea eskatuz zuzendu zaio Kaleratzeak Stop plataformak Lakuako Gobernuari.
Sociedad Residencial Langa enpresarekin sinatu zuten etxebizitza babestu hauen alokairua 2002 azaroaren 23an. Babes hau 2026ko urtarrilaren 26an amaitzen da.
Izan ere, etxebizitza hauen babesa ez da behinbetikoa eta epea amaitu ondoren jabeak saltzea edo alokatzea erabaki dezake, baina merkatuak arauturiko prezioetan, inolako mugarik gabe. Apenas bi hilabete beranduago sinatu ziren kontratuek, berriz, ez dute babesaldiaren mugarik, behinbetikoa baita.
Errenta urriko familiak
«Hori dela eta, 21 familia horiek kezka handia dute, 10 urte baino gehiago baitaramatzate alokairu babestua duten etxebizitza horietan bizitzen. Etxebizitza horien errentak 600 eta 650 euro artekoak dira hilean, pisuen azaleraren arabera. Diru-sarrera apalak dituzten familiak dira, etxebizitza bat erosteari aurre egin ezin diotenak, eta gutxiago gaur egun metro karratuak duen prezioekin. Era berean, ezin dituzte udalerrian dauden 800-900 euro inguruko alokairu espekulatiboak ordaindu», azaldu Kaleratzeak Stop plataformak.
Etxebizitzaren egoera dela eta Tolosa Udalak udalerria eremu tentsionatutzat jotzea eskatu diola Lakuako Gobernuari gogoratu du Kalertazeak Stop-ek. Urtarrilean eskaera hau onartzea espero dute.
Gauzak horrela, Lakuako Gobernuko Etxebizitza sailburu Denis Itxasorengana jo dute Adana Gestion enpresarekin bitartekaritza lanak egiteko familia hauentzat errenta eskuragarria duen alokairua lortu ahal izateko.