INFO
Interview
Dorleta Urretabizkaia
Zuzendari laguntzailea eta aktorea

«Aurreiritziengatik adinekoengan pentsatzen dugu eta gazte askok du aukeratu gabeko bakardadea»

Aukeratu gabeko bakardadearen inguruko hainbat bizipen taularatu ditu Ados Teatroak, bata bestearekin harilkatuz. ‘52 Hertz’ antzezlana asteburuan estreinatuko dute Donostian. Dorleta Urretabizkaia aktore eta zuzendari laguntzaileak obraren nondik norakoak azaldu dizkigu.

Dorleta Urretabizkaia. (NAIZ)

Aukeratu gabeko bakardadea. Jendartean puri-purian dagoen gai hauxe aukeratu du Ados Teatroak bere ekoizpen berria ontzeko. «Nahi gabeko bakardadeak, pandemia isil batek bezala, herrialde industrializatuetako bost pertsonatik bati eragiten dio dagoeneko. Arazo estrukturala, zeharkakoa eta lehen mailakoa da; izan ere, landa inguruneetan nahiz hiri inguruneetan gertatzen da, adinekoetan eta gazteetan, eta kostu sozial oso handia du osasunean eta bizi-kalitatean», adierazi dute antzerki konpainiako kideek.

«Gazte asko daude egoera horretan. Aurreiritziengatik adinekoengan pentsatzen dugu eta gazte askok du aukeratu gabeko bakardadea. Adin guztietan gertatzen da. Pentsa, ministerioak sortzen ari dira hainbat herrialdetan bakardadean zentratuta, horrek suposatzen duen dirutzarekin. Horrek esan nahi du benetan arazo larria bihurtzen ari dela eta errealitate oso gordina dela», narmendu du Dorleta Urretabizkaiak.

Obrako pertsonaiarik gazteena, Amaia Irazabalek gorpuztua, da horren adibidea. Bizitzaren minez bizi ezin den neska gaztea. «Familiarekin bizi naiz, asko maite dugu elkar baina bakarrik sentitzen naiz», dio momentu batean. «Oso fuertea da. Familia egitura egokia dauka, ez dauka arazorik, baina gainditu ezinezko sentimendua da», gehitu du. 

Berarekin batera migrantea, egoitzako adineko pertsona, bere burbuila propioan bildutako profesional itxuraz egokitua, zaintzailea, bere espezieko beste inorekin sintonizatzen ez duen balea... hauek denak aurkituko ditu ikusleak.

Bost dira agertokira igoko diren aktoreak: Martxelo Rubio, Dorleta Urretabizkaia / Ainhoa Aierbe, Amaia Irazabal, Joseba Apaolaza eta Aitzol Iraola. «Aktore bakoitzak pertsonaia bat baino gehiago gorpuztu ditu. Pertsonaia nagusiek bakoitzak istorio bat daukate eta beste pertsonaia bat ere egiten dugu beste istorio batean barneratzen dena», azaldu du. Protagonista bakoitzak ondokoarengan eragiten du, elkar gurutzatzen diren bizipenak harilkatuz.

«Txirikordatze horiek, funtzioaren estiloa, erritmoa eta tonua sortzeaz gain, baliogarriak dira gidoiaren norabide aldaketak eta gai baten inguruko suspensea sustatzeko», Ados Teatroko kideen esanetan.

‘Giza Filmategia’ proiektua

Garbi Losadak eta Juan Antonio Vitoriak idatzi dute antzezlana, kasu errealetatik abiapuntu hartuta. ‘Giza Filmategia’ proiektuaren barruan mikrodokumentaletan jasotako bakardade testigantzetatik abiatuta sortua da ikuskizunaren testua. «Tailerrak ere egin dira eta  elkarrizketak, errealitate gordin hori nola bizi duten, nola sentitzen diren... jakiteko», kontatu du Urretabizkaiak.

Mikrodokumentaletik hainbat profil aukeratu zituzten Losadak, Vitoriak eta Urretabizkaiak, ahalik eta desberdinenak. «Denon artean pertsonaiak sortzen joan gara. Poliki joateko zortea izan dugu eta elkarrekin sortzen joan gara. Prozesu luzea izan da. Lehenengo egunean profil batzuk erakutsi zizkigun Garbik eta esan zigun: ‘Orri bat hartu orain eta sortu ezazue pertsona bat eta idatzi bere egunerokoa’. Horrelaxe hasi ginen, gogoratu du. Bakoitzak gure pertsonaia sortu genuen eta irakurri egin genuen. Gutako bakoitzak bere terrenora eraman du eta aportatu du. Oso polita izan da bidea. Gure irudimenak lana egin du baina esentzia ez da galdu».

«Poliki joateko zortea izan dugu eta elkarrekin sortzen joan gara. Prozesu luzea izan da»

 

Entseguetan eta izan duten «giro polita» nabarmendu du Urretabizkaiak. 

Testuaren idazkera esperientzia errealetan oinarritzen den arren, ez da zuzenean lekukotasunezkoa den obra bat. Gaia gogorra izan arren, nolabait, itxaropena emango duen tonu poetiko bat planteatu nahi izan dute konpainiako kideek.

«Badauzka momentu hunkigarriagoak eta graziosoagoak, publikoarentzat atsegina izan dadin dago kontatuta» Urretabizkaiaren esanetan.

Balea bakartia

Izenburuak azken 35 urteotan Ozeano Bareko hainbat tokitan grabatutako soinu bitxi baten frekuentziari egiten dio erreferentzia, balea urdin baten kantuaren antzekoa. Baina balea urdinak 10 eta 39 hertzio arteko frekuentzian komunikatzen dira, eta ‘balea bakarti’ honen ahotsa, 52 hertzioan bibratzen duena, espeziearen entzumen mugatik kanpo geratzen da.

«Dirudienez, Whalien 52 jaiotzez gorra izan daiteke, eta horregatik ez zuen inoiz ikasi bere kantuak frekuentzia egokian emititzen. Ez da beste balearik bere deiari erantzuteko gai. Teoria asko daude, balea urdin baten eta beste zetazeo baten nahasketa omen da», esan du Urretabizkaiak.

Gure jendartearen isolamenduaren sinbolo bihurtu da Whalien 52. «Lagun beharra du baina inork ez dio erantzuten. Balea hor dabil, batetik bestera. Gu obrarekin batera deskubritzen joan gara... Batzuek botilak botatzen dizkiote oharra barruan sartuta, kantuak egin dizkiote... Oso famatua da».

Soinu horren oihartzunak alderik alde zeharkatzen du testua eta eszenaratze-lana, tonu ez errealista batean, irudi poetikoz eta koreografiaz betea. Javier Asinek sortu du musika.

Eszenografiak ere protagonistek bizi duten isolamendua islatzen du. «Egurrezko etxetxoak dira, eta mugitu egiten dira. Pertsonaia mugimentuan dago baina ez da inoiz elkartzen beste inorekin. Bakardadea eternalizatu egiten da nolabait», dio aktoreak.

Interpretazioaz gain zuzendaritzan ere parte hartu du Urretabizkaiak. «Garbik deitu zidanean zuzendari laguntzaile bezala aritzea proposatu zidan eta aktore lanetan ere bukatu dut. Ez da lehenengo aldia bi lanak uztartzen ditudala. Ainhoa Aierbek eta biok pertsonaia bera egin dugu, bion artean ibiliko gara emanaldietan. Gure pertsonaia hasieran txikia zen eta bapatean hazten joan zen eta dimentsio handiagoa hartu du. Aldiz, tratu txarrak jasaten dituen alaba batek izan behar zuen hezurdura eta askoz txikiagoa geratu da, beste batzuek pisu gehiago hartu dutelako», esan du.

«Gure pertsonaia hasieran txikia zen eta bapatean hazten joan zen eta dimentsio handiagoa hartu du»

Bi hizkuntzatan ikusiko du argia obrak asteburuan. Euskaraz urriaren 3an eta 4an eta gaztelaniaz urriaren 5ean «Testua erderaz idatzi zuen Garbik eta Bego ahizpak itzui du euskarara. Guk moldatu egin dugu, gure hizkerara ekarriz, zuzentasunaren barruan».