INFO

Mikel Mancisidor legelaria da EAJ eta PSEren apustua Ararteko izateko

Manu Lezertua Arartekoaren ordezkoa hautatzeko Mikel Mancisidorren izena darabilte EAJk eta PSEk, baina hirugarren alderdi baten babesa beharko dute izendapena aurrera ateratzeko. Legelaria da Mancisidor eta Nazioarteko Zuzenbidean aditua. 2020an Eusko Ikaskuntzaren saria jaso zuen.

Mikel Mancisidor de la Fuente. (EUSKO IKASKUNTZA)

Manu Lezertua EAEko Arartekoak duela lau hilabete, ekainaren 10ean, iragarri zuen kargua utziko zuela, erretiroa hartzeko, hamar urteko agintaldiaren ostean. Oraindik ez dute izendatu haren ordezkorik, eta Ararteko berria hautatu bitartean Ines Ibañez de Maeztu ari da haren lanetan.

Gasteizko Parlamentuko alderdiak negoziatzen ari dira figura «transbertsal» baten bila eta, ‘El Correo’ egunkariak aditzera eman duenez, EAJren eta PSEren apustua Mikel Mancisidor legelaria da, Nazioarteko Zuzenbideean aditua. Nolanahi ere, bi gobernukideek hirugarren alderdiren baten beharra dute Mancisidorren hautagaitza aurrera atera dadin, izan EH Bildu edo PP. Arartekoaren Legearen arabera, Legebiltzarraren botoen hiru bosten behar dira kargua izendatzeko, hau da, 75 parlamentarietatik 45en babesa. EAJ eta PSEk 39 dituzte, beraz gutxienez beste sei behar dituzte.

Mikel Mancisidor de la Fuente (Bilbo, 1970) Zuzenbidean lizentziaduna eta Nazioarteko Harremanetan doktorea da. 2020an Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxaren Humanitateak, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien Saria jaso zuen, giza eskubideak sustatzen egindako lanagatik.

Epaimahaiak nabarmendu zuenez, Mancisidor Nazio Batuen Erakundean Giza Eskubideen Nazioarteko Zuzenbidearen garapenean «eragile garrantzitsuenetako euskalduna da, Rene Cassinez geroztik», eta «bereziki aipagarria da Nazioarteko Zuzenbidean bi alorretan egindako ekarpena: gizakiak ura izateko duen eskubidean eta gizakiaren zientziarako eskubidean».

Bere ekarpena Amerika, Europa eta Euskal Herriko unibertsitateetan izandako jarduerarekin bateratu du, «gizarteratze eta dibulgazio lanekin, bai eta mundu guztian zehar egindako lankidetza, laguntza humanitario eta giza eskubideen defentsarekin ere».

Bilbotarra Unesco Etxeko zuzendari gisa aritu zen eta bere lana erabakigarria izan zen Nazio Batuen Batzar Orokorrak 2010ean Uraren Eskubidea bizitzaz gozatzeko ezinbesteko Giza Eskubide gisa aitortzeko. Bestetik, NBEko Ekonomia, Gizarte eta Kultura Eskubideen Komiteko kide da 2010tik eta erakunde horrexek berak onartu zuen Zientzia eta Giza Eskubideei buruzko Iruzkin Orokorra, Mikel Mancisidor kontalari izan zuena.

«Bere zorroztasun intelektual, zintzotasun, berrikuntzarako gaitasun eta ardurari esker, Mikel Mancisidor mundu globalean Giza Eskubideen garapenerako erreferente nabarmena da», zioen epaimahaiak orduan.