Ekaitz Herrera kazetari bizkaitarrak irabazi du Zubikarai saria
Ekaitz Herrera kazetari abadiñarrak irabazi du Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen duten Augustin Zubikarai saria. Aurkezturiko hogeita bost lanen artean, ‘Hondar batean arre’ nobelaren proiektua aukeratu dute. Protagonista, ikasle-pisu batean bizi den 60 urteko gizonezkoa.
Leire Bilbaok, Xabier Mendigurenek eta Ana Urkizak osaturiko epaimahaiak ‘Hondar batean arre’ lana aukeratu du aurtengo Agustin Zubikarai sariaren irabazle legez, eta horrenbestez Ekaitz Herrerak eramango du zortzi mila euroko saria, baita bere nobela Elkar argitaletxearen eskutik argitaratzea ere, hemendik urtebetera, proiektua ondutakoan.
Saria ostiral arratsaldean eman zitzaion, Ondarroako Kofradia Zaharrean, Literatur Amuak jardunaldien barruan, eta ekitaldi berean aurkeztu zen iazko proposamen irabazlearen emaitza, Julen Apellaren ‘Sakelako bihotzak’ eleberria.
Ekaitz Herrera Azkarraga (Abadiño, 1986) ikus-entzunezko komunikazioan graduatua da eta hainbat lan egin du euskarazko hedabideetan, hala idatzizko prentsan nola telebistan zein irratian. Azken urteotan, Durangaldeko ‘Anboto’ tokiko komunikabidean dihardu erredakzio buru. Honako hau izango da bere lehenengo obra literarioa.
‘Hondar batean arre’ nobelak Mattin aurkezten digu, 60 urteko gizonezkoa, ospitalearen aurreko postuan loreak saltzen dituena. Negozioa txarto doala-eta, kalean ikusiko du bere burua, eta bizileku berri bat topatuko du, ikasle-pisu batean.
Ia berrogei urte gazteagoak direnekin bizitzen ikasi beharko du, haien kodeak ezagutu, ohitura berrietara ohitu. Eta, horrekin batera, bizi osoan inoiz maitemindu ez den eta hori zer den ere ez dakien gizonak bere burua hobeto ezagutu eta deskubrituko du, baita bizitzaren etapa berri bati ekin ere.
Augustin Zubikarai sariko epaimahaiak, besteak beste, lanari darion umorea azpimarratu du, idazkera dotorea, elkarrizketen freskotasuna, erritmo bizia eta hizkuntzarekin jolasteko trebezia.