Udane Mugika gailendu da Boulderreko Espainiako Kopan
Udane Mugika eskalatzaile elduaindarrak, hirugarren proba irabazteaz gain, modalitate horretako erregulartasunaren zirkuituan urrea lortu du 17 urtez azpikoen mailan. Abiadurakoan, berriz, Leire Ruiz de Argandoña bigarrena izan da nagusien mailan.
Urriaren amaierarekin batera, Eskaladako eta Mendiko Kiroletako Espainiako Federazioak (Fedme) bukatutzat jo du eskaladako lehien zirkuitua. Duela astebete, zailtasuneko modalitateak ateak itxi zituen bi euskal garaipenekin; hots, Mikel Linacisorok seniorretan eta Udane Mugikak 17 urtez azpikoen mailan lortutakoekin.
Joan den asteburuan, berriz, ohiko beste bi espezialitateen amaiera izan zen Potesen (Kantabria) jokatutako hirugarren eta azken probarekin. Euskal ordezkarien emaitza orokorrei dagokienez, azpimarratu behar da, astebete lehenago egin bezala, Mugikak beste garaipen handi bat erdietsi zuela boulderrean. Bestalde, abiadurako lehian Leire Ruiz de Argandoñak bigarren postua sinatu zuen nagusien kategoriko behin betiko sailkapenean.
Boulderreko proban parte hartu zuten euskal lehiakideen artean zortzi final ezberdinetara sailkatu ziren. Seniorretan podiumetik urrun ibili ziren. Asier Antunez zortzigarrena izan zen, eta Maria Feo bederatzigarrena. 19 urtez azpikoen mailan, bederen, Libe Castillo hurbildu zen, baina, azkenean, laugarren postuarekin konformatu behar izan zuen. Maddi Agirrek zazpigarren postua lortu zuen.
Euskal garaipen bakarra Mugikaren eskutik heldu zen. 17 urtez azpikoen mailan nagusitu zen, eta Elene Otermin seigarrena izan zen. Sofia Hernandezek bigarren euskal podiuma erdietsi zuen Poteseko proban; hain zuzen ere, hirugarren postuarekin. Iraultza Azkue zazpigarrena izan zen.
Mugika, bakarra
Boulderreko modalitatean jokatu diren hiru hitzorduen puntuak batu eta gero, nagusien mailan, aipatu ditugun bi ordezkarik aukera izan dute lehen hamarren artean sailkatzeko. Antunez seigarrena izan da, eta Feo hamargarrena.
19 urtez azpikoetan, Agirre bosgarrena izan da erregulartasunaren zirkuituan; Castillo, berriz, zazpigarrena. Koska bat beherago, 15 urtez azpikoen kategorian Mugikak urrea eraman du etxera. Hiru proba horietatik bitan bigarrena izan da eta Poteseko azken hitzorduan gailendu zen. Zalantzarik gabe, eskalatzaile gipuzkoarra Fedme-k antolatutako zailtasuneko eta boulderreko modalitateetan euskal ordezkari eraginkorrena izan da. Oterminek seigarren postua sinatu du. Eta 15 urtez azpikoetan: Sofia Hernadezek azpimarratzekoa den bigarren postua lortu du. Emma Hernandez bederatzigarren sailkatu da, eta Markel Korta seigarrenean.
Azkenik, Abiadurako Espainiako Kopan hiru euskal ordezkari top 10ean sailkatu dira: Leire Ruiz de Argandoña bigarrena seniorretan, Haizea Pinto laugarrena 17 urtez azpikoetan eta Emma Hernandez bederatzigarrena 15 urtez azpikoen kategorian.