INFO

Elkarrekin… eta itsatsita

‘TOGETHER'
Australia, 2025. 102’. Zuzend. eta gidoia: Michael Shanks: Aktoreak: Alison Brie, Dave Franco, Damon Herriman, Sunny S. Walia. Musika: Cornel Wilczek. Argazkia: Germain McMicking. 

Dave Franco eta Alison Brie filmeko pasarte batean (Neon)

Izenburuak, ‘Together’, (euskaraz ‘elkarrekin’) komedia erromantiko bat ikusiko dugula iradoki dezakeen arren, filma kontrakoa proposatuko du: body horror azpigeneroan murgiltzen gaituen beldurrezko film gordina eta deserosoa da. 

Michael Shanksen opera primak Dave Franco eta Alison Brie ditu protagonista (bizitza errealean bikotea direnak), eta bikote batek kanpoko zein barruko indar ezezagunei aurre egitean jasaten duten eraldaketan murgilduko da. 

Franco eta Brie Tim eta Millie bikotearen azalean sartuko dira, eta, eta hainbat urtez elkarrekin egon ondoren, hiritik alde egin eta landara bizitzera joatea erabakiko duen bikotea antzeztuko dute.  Aldaketa horrek, bilatzen duten lasaitasuna eskaini beharrean, naturaz gaindiko fenomeno misteriotsuetan murgilduko ditu. Pixkanaka, elkarrenganako erakarpena sentitzen hasiko dira, baina harreman hori sentimentalkeriatik harago doa: literalki itsatsiak geratuko dira. .

Zuzendariaren hitzetan, filma generoaren kode konbentzionaletatik urruntzen da. Shanksek azaldu zuenez, obrak, funtsean, maitemintzeak dakarren eraldaketari heltzen dio: «Bere modurik sinpleenean, maitemintzeari buruzko filma da hau, eraldatzen zaituena», adierazi du. «Bizitza norbaitekin partekatzeak izan dezakeen izugarrikeriari buruzko filma da; konpromisoak dakartzan antsietateak nola zabaldu daitezkeen azaltzen duena», gaineratu du Shanksek. 

Polemika

2025eko maiatzean, Shanks, Brie, Franco, eta Neon banatzailea auzitara eraman zituzten Patrick Henry Phelan idazle eta zuzendariak ‘Better Half’ filmaren egile-eskubideak urratzeagatik. Alegatuaren arabera, Brie eta Francori 2020ko abuztuan eskaini zitzaien ‘Better Half’ ekoiztea, baina bi aktoreek uko egin zioten, beren ekoizpen propioa egiteko; idazle bat kontratatzea erabaki zuten. Bi filmen arteko ustezko antzekotasunei buruzko baieztapenak ere egin ziren, plagio salaketak tarteko.