INFO

Kotto oroitzeko dokumentala eta omenaldia prestatu dituzte Beran: «Basoak loratzen segitzen du»

20 urte bete dira Jose Angel Altzuguren Perurena ‘Kotto’ Soriako kartzelako bere ziegan hila aurkitu zutenetik. Herrikide eta lagunek ez dute ahantzi eta ‘Loratzen’ dokumentala estreinatuko dute larunbat honetan Beran. Bizia izanen da filmaren ardatza, jendeak Kotto nor izan zen ezagutu dezan.

‘Loratzen’ filma egiteko diru bilketa hasi zuten herrikide eta lagunek 2024ko udaberrian. (ESPIDOBAITA ELKARTEA)

Jose Angel Altzuguren ‘Kotto’-ren senide, lagun eta hurbilekoek minez oroitzen dute 39 urteko gaztea Soriako kartzelan hila agertu zeneko 2005eko urriaren 31 hura, baina hasieratik jaso zuten herriaren babes izugarriak oinazea pixka bat arintzen die. Berako herriak eta Euskal Herriak, oro har, ez ditu egun horietan bizitako momentu gogorrak ahantziko. Urtero-urtero Kotto omentzen segitu dute gehien maite zutenek, eta aurten, 20. urteurrena izaki, zerbait berezia egin nahi izan dute. Horregatik antolatu dute ‘Loratzen’ zikloa.

Izenburu hori jarri diote larunbat honetan (11.00etan Berako Kultur Etxean) estreinatuko duten dokumentalari ere, «zuhaitza zitalkeriaz moztuta ere, hura basora erortzean bizitzak zerumuga berriak bilatzen dituelako eta eroritako arbola basoarentzat ongarri delako».

Berako Espidobaita Elkarteak sustatu eta Labrit Ondareak ekoitzi du pelikula. Adierazi dutenez, bertze hainbat euskal herritar bezala, espetxe politikak gupidagabe hartu zuen Kotto, baldintza gizagabeetan azken mugaraino estutu eta bizitzen jarraitzeko indarrak galarazi arte. Beraz, kartzela politika salatzen du dokumentalak, oraindik presoak hiltzen baitira Euskal Herriko espetxeetan. Baina bizia du ardatz, bizizalea zelako Kotto. Kirola maite zuen, futbolari aparta eta mendizale amorratua zen; Berako kultur ekimen guztien laguntzaile eta parte hartzaile nekaezina; herrian izan den zinegotzirik gazteenetakoa, gazteena ez bada; zurgina; euskararen eta Euskal Herriaren defendatzaile sutsua.

Oroitzeko eta ez atzentzeko

Irailean hasi zuten Beran ‘Loratzen’ zikloa, Telletxe lorategi ederrean egin zen bertso saio musikatu are ederrago batekin. Urrian, ‘Torturaren arrastoak’ argazki erakusketa eta hitzaldia egin dituzte, eta azaroaren lehen honetan dokumentala estreinatuko dute. Jarraian, poteoa izanen da Kuxkuxtu txarangarekin, baita bazkaria ere. Igandean, Kottok maite zituen txokoetako batera, Otsanda mendira, joanen dira urtero bezala, han omenaldia egiteko.

 

2005eko azaroaren 5ean, Kotto hil eta bost egunera, Beran egindako manifestazio jendetsua. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

 

Zikloak bi xede dituela azaldu dute antolatzaileek: alde batetik, hurbilekoek Kotto oroitzea eta, bertzetik, jendeak ez atzentzea. Kottoren heriotza une hartako egoera politikoan euskaldunoi aplikatutako tortura eta kartzela baldintzen ondorioa izan zela eta herritarrek gertaera horiek ezagutu behar dituztela azpimarratu dute.

Gutun bidez

Eskuz idatzitako gutunak bide ederra dira pertsona bat ezagutzeko, idazketa prozesuan biluztu egiten delako norbera. Espetxean zegoelarik makina bat eskutitz trukatu zituen Altzugurenek lagun eta senideekin eta haietako batzuk aditzeko aukera emanen du dokumentalak. Honakoa, adibidez:

«2001eko uztailaren 21. Aupa Eñaut, aspaldiko laguna, hartu diat hik bidalitako besarkada beroa eta zinez kriston estualdia eman diot besarkada horreri. De dio! Ia itotzen niok eta dena! Eta hik zer, sentitu al duk zerbait? Bai horixe, elkar pilak kargatuta begizu nola gure aspaldiko adiskidetasuna agertzen den gure artean berriz ere. Horrela da bizia».

«Duela urte mordoxka batzuk elkar gehiago ikusten genuen eta gaztetasun fresku hurakin zenbat besta eta afari egin genian, e, Eñaut? Betiko oroitzapenak. Gero denborakin bakotxak bere lana, ikasketak, neska, azkenin bakotxak bere bizian hartzen dik bere bidea. Nahiz eta hurbil bizi galtzen diren harremanak. Naturala».

«Ikusten diat etxeko aferatan buru-belarri sartuta hagola. Emakumeak berdintasunaren bidean ari dire poliki-poliki lekua hartzen gure gizartean, nahiz eta oraindik lana badagoen aunitz txipak aldatzeko. Segi-segi zuen sorgin ttikiak hazitzen eta aldi berean haiekin goxatzen. Nire biziari begira, ba beti bezala segitu diat. Ofizioz zurgina, gero beti herrian saltsa guzietan sartua, mendizale amorratua, eta parrandan azken urte hauek inoiz biñon ederragoak eginak. Neska kontuan beti lotsati ligatzeko, fraile samarra izandu niok beti. Itxaropenak eduki behar dire barrenean, egoera berri honetan zailago duk suntoa, baina nork daki, agian sorginen bat hegaka hurbiltzen da eta zas! itxeki gelditu. Bueno Eñaut, erratea ongi nagoela, etorkizuna gogoz hartzeko asmoz, barruan biñon beti borrokan, herria maite dudalakoz. JO TA KE, IRABAZI ARTE! Goraintziak lagun guziei biziaren bidean. Laster arte, laguna.
Kotto».

Kottoren inguru hurbileneko dozena bat pertsona agertzen dira filmean, bere alderdi bakoitza azaltzeko bat: kirol arloko kide bat, kulturako bertze bat, lagunak, berarekin atxilotuak izan zirenak, familia... Pasarte irrigarriak ere kontatzen dira, umorea sobera zuen eta.

 

Berako Altzateko frontoia ttiki gelditu zen Kotto hil ondotik antolatu zen mobilizazio handirako. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

 

Ttipi Ttapa Fundazioari esker, Kotto prentsaurreko, ongietorri eta bertzelako ekimenetan ageri den bideoak lortu dituzte, Espidobaita Elkartean eta etxean jasotako denetariko argazkiez gain. Altxor horiekin guziekin belaunaldi berriei pertsona berezi hau ezagutaraztea da xedea, baita fokua bere bizian eta egin zuen ekarpen ikaragarrian jartzea ere.