Aldundien aurrekontuetan zaintza zerbitzuak publifikatzeko urratsak emateko eskatu du LABek
LABek salatu du aldundiek 2026ko aurrekontuetan zaintza zerbitzuak pribatizatzen jarraitzeko hautua egin dutela, zaintzarekin negozioa egiten segitzeko. Horregatik, aldaketa batzuk eta publifikazioranzko konpromisoa eskatu dizkie gobernuei eta aldundiei Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorrak.
Hego Euskal Herriko gobernu eta foru aldundien 2026ko aurrekontuetan zaintza zerbitzuak pribatizatzen jarraitzeko, zaintzarekin negozioa egin dadin ahalbidetzeko eta sektoreko langileak «prekarizatzen jarraitzeko» hautua egin dela salatu du ostegun honetan LABek. Aldaketa batzuk egiteko eta publifikazioranzko aldeko konpromisoa eskatu die sindikatuak gobernuei eta aldundiei.
Lau hiriburuetako aldundien aurrean egindako mobilizazioetan, zaintzaren alorreko langilek aurrekontu proiektuetan «zaintzak eskatzen duen eraldaketarako neurririk ez dagoela» salatu dute, Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile orokorrak Bilbon adierazi duenez.
«EAJ, PSE eta PSNren gobernuek orain arteko eredu merkantilista eta eredu pribatizatzaileari eutsi nahi diote. Ez dago egun indarrean dagoen sistema patriarkal eta koloniala iraultzeko inolako borondaterik. Eta horrek dakarrena da zaintza lanak ez desfamiliarizatzea, ez desfeminizatzea eta zaintza sistema publiko baten aldeko apusturik ez egitea. Guzti horren ondorioa zaintza langileen prekarietatea eta esplotazio egoerak dira», kritikatu du Aranburuk. Bereziki, nabarmendu du langile «migratuek eta arrazializatuek» pairatzen duten «egoera zaurgarria», Atzerritar Legearen ondorioz aurkitzen dituzten traba guztiengatik.
Sindikatuaren koordinatzaile orokorrak zerbitzuaren kalitatea hobetzeko, zaintzaren egungo antolaketa sozialak emakumeengan suposatzen duen diskriminazio egoerak iraultzeko eta zaintzako langileen lan baldintzak hobetzeko aldaketa batzuk aldarrikatu ditu. «Eta aldaketa horiek hasten dira zaintza sistema publiko baten aldeko urratsak ematetik, publifikazio prozesuak bultzatzetik eta behar adinako diru partidak ezartzetik», gaineratu du.
Aipamen berezia egin dio Aranburuk Arabako eta Nafarroako helduen egoitzetako hitzarmenaren «blokeoari». «Arduradun instituzionalak dira blokeo horren erantzule nagusiak», azpimarratu du, eta eskatu die «blokeo hori gainditzeko neurriak hartzeko».
Azkenik, pribatizatutako zaintzako langileak euskalduntzeko neurriak adostea eta aurrera eramatea ere galdegin die administrazioei: «Garrantzitsua da ere zaintzako langileen euskalduntze planak bultzatzea, lan publiko bat egiten duten langileak direlako».