INFO

Gutxieneko soldata propioa ez blokeatzeko eskatu diete sindikatuek EAJri eta PSEri

Ostegun honetan Legebiltzarrean gutxieneko soldata propioaren aldeko Herri Ekimen Legegilea tramitera onartu edo ez eztabaidatuko dute, eta sindikatuek alde egiteko eskatu diete alderdiei Bilbon egindako mobilizazioan. EAJri, PSEri eta patronalari orain arte proposamena blokeatzea egotzi diete.

ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek manifestazioa egin dute Bilbon. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

ELA, LAB, ESK, Steilas, HIRU eta ETXALDE sindikatuek deituta, milaka lagun mobilizatu dira asteazken honetan Bilboko kaleetan lanbidearteko gutxieneko soldata propioari patronalak eta Lakuako Gobernuak eragindako «blokeoa» salatzeko. Ostegun honetan Legebiltzarrean Herri Ekimen Legegilea tramitera onartu edo ez eztabaidatuko dute, eta sindikatuek alde egiteko eskatu diete alderdiei.

Gaurko mobilizazioan zehar, Lakuako Gobernua, PSE eta EAJ interpelatu dituzte sindikatuek: «Herritarren borondateari men egin diezaioten eta herri ekimen legegilearen eztabaidari eta tramitazioari bide eman diezaioten».

Lakuako Gobernuaren ordezkaritzaren aurrean hasi da mobilizazioa. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Izan ere, sindikatuek 138.495 sinadura bildu dituzte gutxieneko soldataren alde baina, orain arte, Gobernua horren aurka agertu da eragozpen «juridiko-konstituzionalak» argudiatuz.

Lakuak sindikatuak eta patronala negoziatzera deitu zituen, baina Confebaskek hiru aldiz esan dio ezetz gutxieneko soldataz aritzeko mahaia eratzeari.

«Larria eta antidemokratikoa da Jaurlaritzako alderdiek hartu duten jarrera. Pentsiodunekin egin zuten bezala, sindikatuek bultzaturiko herri ekimen legegilea atzera bota nahi dute, eztabaida bera ukatuz. Egiteko modu autoritarioa da hori, Legebiltzarreko eztabaida bera ere ukatzen duena», adierazi dute sindikatuek.

Lakuako Gobernuaren delegaritzan hasi, PSEren egoitzatik pasa eta Sabin Etxearen aurrean bukatu da mobilizazioa. Bertan, Mitxel Lakuntzak (ELA) eta Igor Arroyok (LAB) hartu dute hitza.

Mitxel Lakuntza: «Euskal Herrian ezin da 1.184 euroko soldatarekin bizi»

«Euskal Herrian ezin da 1.184 euroko soldatarekin bizi, eta horrek konponbide politiko bat eskatzen du. Horregatik, sinadura bakoitzaren atzean pobreziaren kontra eta prekarietateari aurre egiteko bultzada bat dago», adierazi du Lakuntzak.

ELAko idazkari nagusi Mitxel Lakuntzaren hitzartzea. (ELA)

PSEri ere zuzendu zaio: «Idazkari nagusiak, Eneko Anduezak, dio herrialde honetako erakunde batzuk proposamen identitarioak baino ez ditugula egiten. Identitarioa dena Espainiako merkatu-batasuna inposatzea da, autogobernuaren eta euskal langile klasearen ongizatearen gainetik. Langile euskaldunek ez dituzte nahi Espainiako lan-baldintzak, hainbat arrazoirengatik, baina batez ere arrazoi sinple batengatik: okerragoak direlako».

Igor Arroyo: «EAJri autogobernua enpresa kastari fiskalki mesede egiteko bakarrik interesatzen zaio»

Gutxieneko soldata propioari dagokionez EAJk eta PSEk hartutako «jarrera antisozial, zentralista eta autoritarioa» salatu du ere Arroyok. «Badirudi EAJri autogobernua enpresa kastari fiskalki mesede egiteko bakarrik interesatzen zaiola, baina ez langileen gehiengoari mesede egiteko. Jarrera horrek erakunde propioei prestigioa kentzen die langileen gehiengoaren aurrean, oso une kezkagarrian, diskurtso antipolitiko eta erreakzionarioen hedapenagatik, autogobernuarekiko inboluzio mehatxuagatik», salatu du.

LABeko idazkari nagusi Igor Arroyoren hitzartzea. (LAB)

Ohartarazpen argia bidali dio Arroyok patronalari: «Gutxieneko soldataren aldarrikapenari eutsiko diogu, bai orokorrean, baita sektore eta enpresa bakoitzean ere. Gatazka gehiago eragingo ditugu datozen hilabeteetan. Euskal Herrian ez da bake sozialik izango. Euskal Herrian borroka sindikala hauspotzera goaz. Sektore prekarioenak sindikalizatzera goaz. Emakume* langileek pairatzen duten soldata arrakala borrokatzera goaz. Langile migratuen esplotazioa salatzera goaz».