INFO

ELENen Asanbladak Europa osoko hizkuntza-aktibistak bilduko ditu Bartzelonan

Hizkuntza-aktibisten 180 elkartetako 90 ordezkarik hartuko dute parte ostiraletik igandera Bartzelonan eginen den ELENen Asanblada Orokorrean. Europako hizkuntza gutxituek duten babes publiko izugarriak EB mugitzea eskatzen du, berdintasun linguistikoaren aldeko sareko liderrek aldarrikatu dutenez. 

ELENen Kongresua, joan den urtean Bilboko Itsas Museoan. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Bartzelonako Born Centre de Cultura i Memòria guneak hizkuntza-aktibisten 180 elkartetako 90 ordezkari hartuko ditu asteburu honetan, ostiraletik igandera bitartean, ELEN berdintasun linguistikorako Europako Sarearen Asanblada Orokorrean. CIEMENek antolatu du ekitaldia, Kataluniako Gobernuaren eta Bartzelonako Udalaren babesarekin.

F. Xavier Vila i Moreno Kataluniako Hizkuntz Politikako sailburuak eta Roger Serra Puig ikus-entzunezkoen eta teknologien arloko Hizkuntz Politiken zuzendari orokorrak inauguratuko dute asanblada. Josep Rull i Andreu Kataluniako Parlamentuko presidenteak eta Marta Salicrú Serra Bartzelonako Udaleko kideak ere eginen diete ongi etorria ordezkariei.

Asanbladak teknologia digitala, sare sozialak eta Europako hizkuntzek etorkizunean izanen duten babesa izanen du ardatz. Gainera, ELENek Europar Batasunaren aitzinean eginen duen kanpainaren berri emanen dute. Nicolas Levrat gutxiengoentzako NBEko errelatore bereziaren parte-hartzearekin egina da kanpaina hori.

«EBk ezin du beste aldera begiratu»

«Teknologia digitalak eta hedabideek gure hizkuntzen eguneroko bizitzaren bihotzean egon behar dute», baieztatu du Elin Haf Gruffydd Jones ELENeko presidenteak. «Bartzelonako gure topaketan politika eta praktika berritzaileak erakutsiko ditugu eta hizkuntzen berdintasunaren aldeko mugimendua indartuko du aro digitalean».

«Orain, inoiz baino gehiago, EBk Europako hizkuntz-aniztasuna defendatu behar du», aldarrikatu du. Halaxe eskatzen du Lisboako Itunaren bigarren artikuluak, Davyth Hicks ELENeko idazkari nagusiak erantsi duenez. «Iritzi publikoa argia da: Europarren %84k hizkuntzak hobeki babestea nahi du. EBk jada ezin du beste aldera begiratu».

Lantegiak

Honako tailerrak eginen dituzte asanbladan: online egiten den aktibismoa, etxebizitzaren arazoek komunitate linguistikoei nola eragiten dien, ELENeko gazte mugimenduaren garapena, Hizkuntza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren eguneratzea, baita hizkuntza-teknologiari eta sare sozialei buruzko Fosterlang proiektuari eta murgiltze hezkuntzari buruzko lantegi bana ere.

Horizon programak finantzatutako proiektu berri bat da Fosterlang. Arriskuan dauden hizkuntzak bultzatzeko eta hizkuntz komunitateak boteretzeko egiten du lan. 

«ELENen asanbladak irauten duen bitartean Europako hizkuntza gutxituen erdigune bilakatuko da Katalunia», adierazi du David Minoves CIEMENeko presidenteak. «Elkarrekin hizkuntza-eskubideak defendatuko ditugu eta gure komunitateak indartuko ditugu etorkizunera begira», erran du.