INFO

Lurraren kontrola, Macronen eta Zelenskyren arteko elkarrizketen ardatz

Gerra hasi zenetik Parisen egindako bederatzigarren bisitan, Volodímir Zelenskyk eta Emmanuel Macronek Europako konpromisoa berretsi dute Ukrainarekiko, Errusiaren erasoaldi berriek, tentsio diplomatikoek eta AEBen bitartekaritzak markatutako une erabakigarrian.

Emmanuel Macron Volodimir Zelensky-ri ongi etorria ematen Eliseo jauregira elkarrizketak baino lehen (STEPHANE DE SAKUTIN | AFP)

2020an gerra hasi zenetik bederatzigarren aldiz, Ukrainako presidente Volodimir Zelenskyk Parisko Eliseoan bisita egin du, eta han Emmanuel Macron presidente frantsesak hartu du. Biek bilera zabal bat izan dute, non ez bakarrik frantziar Estatuaren babesa, baita gainerako bazkide europarrena ere, izan den eztabaidagai nagusia. Aurreikusitakoa baino ordu eta erdi geroago, bi liderrak komunikabideen aurrean agertu dira etorkizunera begirako mezu «bateratu» bat helarazteko asmoz, eta ziurtatu dute Ukrainak «erabateko babesa» izango duela Macronen eta aliatuen aldetik. Hori gutxi balitz, Kremlinek jakinarazi du Vladimir Putin presidenteak AEBetako ordezkari berezi Steve Witkoffekin bilduko dela asteartean.

Hasi bezain laister aipatu du Macronek Errusiaren rola. «Bakeari buruz hitz egiten dugun une berean, Errusiak hiltzen eta suntsitzen jarraitzen du», adierazi du. Macronek goraipatu ditu, aldiz, AEB gerra amaitzeko egiten ari den ahalegina, eta nabarmendu du helburu nagusia odolustea gelditzea dela; hala ere, gaineratu du «bakeari buruz hitz egiten dugunean, guztiok dugu betetzeko zeregina». Bertan zeuden kazetariek galdetuta, Macronek «Errusiako gasaren gaineko presioa handituko» dela datozen asteetan adierazi du.

Prentsaurrekoan, Zelenskyk berretsi du Ukrainaren lehentasunak segurtasun bermeak eta lurraldearen subiranotasuna mantentzea direla, eta azpimarratu du ere «Errusiak ez duela saririk jaso behar Ukrainan egindako erasoagatik». Halaber, Donald Trump presidente estatubatuarrarekin hitz egitea espero duela adierazi du, Witkoff aste honetan Errusian dituen elkarrizketetatik itzultzen denean hurrengo urratsak zehazteko. 

Negoziazio-mahaian bi lagun besterik ez egon arren, askoz gehiago izan dira elkarrizketan parte hartu duten buruzagiak. Zelenskyk X sare sozialean eskertu du Alemaniaren, Britaina Handiaren, Poloniaren, Italiaren, Danimarkaren, Norvegiaren, Herbehereen eta Finlandiaren parte-hartze telematikoa. Ukrainako presidentea argia izan da: «Iritzia partekatzen dugu: gerrak amaiera justu bat izan behar du». Ukrainaren etorkizuna Europarekin lotzeko ahaleginean, gaineratu du «garrantzitsua dela segurtasun bermeak garatzea eta gure erresilientziarako epe luzeko oinarri bat ezartzea».

Macronen eta Zelenskyren arteko bilera bat etorri da Europar Batasuneko hainbat Defentsa ministroen eta EBko Atzerri eta Segurtasun Politikarako Goi Ordezkari Kaja Kallasen bilkurarekin. Han ere berretsi da Europak Ukrainari emandako babesa, eta Kallasek azpimarratu du EBren xede nagusia dela «bake justu eta iraunkor bat lortzea, gerra berri baterako haziak ereingo dituen akordio bat ez».

Macronek azken iruzkinak egin eta Eliseoko ateak prentsaurrekoari amaiera emateko ireki aurretik, Zelenskyk bake-negoziazioetan dagoen eztabaida nagusia identifikatu du: lurraldearen kontrola eta haren subiranotasuna. Ukrainak bere etorkizuna erabaki behar duela azpimarratuz, bi buruzagiek aliatuei eskatu diete «gerra honengatik ez dezatela Errusia saritu».

Giro aldakorra, posizio berberak

Ukrainako presidenteak frantziar hiriburura egindako bederatzigarren bisita izan arren, azken gertakari batzuek baldintzatu dituzte bileran hartutako hainbat jarrera. Zoritxarrez, ohikoak bihurtu dira mugaren bi aldeetatik iristen diren heriotza berrien berri. Igande gauean, lau pertsona hil zituen Errusiak, Dnipro eskualdean egindako bonbardaketa batean. Hala ere, Zelenskyren kolaboratzaile estuenetako baten ihesa —Gobernuari eragiten dion ustelkeria kasu baten harira—, duela bi aste sinatutako material militar frantsesaren erosketa akordioa, eta AEBetako Etxe Zuriaren ordezkari berezi Steve Witkoffen audioen filtrazioa —non Kremlini aholkuak ematen dizkion Trump berarekin negoziatzeko—, bilera hau bereziki esanguratsua bihurtu dute.

Ustelkeria kasuari buruz galdetuta —zeinean hainbat funtzionario eta Estatu-buruaren inguruko pertsonei energia-sektoretik 86 milioi euro inguru desbideratzea leporatzen zeien—, Macronek adierazi du Ukrainan ikerketa bat abiarazi izanak berak erakusten duela «ustelkeriaren aurkako borroka martxan dagoela». Halaber, azaldu du Errusian ez dela halako ikerketarik egiten, «han benetako diktadura dagoelako». Hala eta guztiz ere, ustelkeria kasuak oraindik itzal handia egiten dio Ukrainako gobernuari. Izan ere, Zelinskyk bere garaian kontrol publikora ekartzen saiatu zen ustelkeriaren kontrako agentziek salatu dute auzia.

Aipatzekoak dira, halaber, NATOko goi kargudun Giuseppe Cavo Dragonek egindako azken adierazpenak, non ziurtatu baitu Aliantza «agresiboagoak» izan litezkeen neurriak aztertzen ari dela Errusiaren gerra hibridoko taktiken aurrean. Horri erantzunez, Kremlinek neurri hori «erabat arduragabetzat» jo du.

Hala, eta bihar Witkoff eta Putinen arteko elkarrizketak izango diren bitartean, Ukrainari buruzko negoziazioek atal errepikakor bati hasiera ematen diote, testuingurua aldatzen ari bada ere, posizioak bere horretan diruditelako.