INFO

Manaslu eta Iris mendiek protagonismoa izan dute Errusiako Urrezko Pioleten sarietan

Andrei Vasiliev, Sergei Kondraxkin, Natalia Beliankina, Kirill Eizeman eta Vitali Xipilovek osatutako espedizioak zortzimilakoaren hego-mendebaldeko isuria lehen aldiz igotzeagatik sari nagusia eraman du. 

Steel Angel saria jaso duten lau emakumezkoak; Iris mendiaren lehen igoera egin dute. (ERRUSIAKO MENDIZALE FEDERAZIOA)

Joan den azaroaren 29an, Moskun, alpinismoaren urteko hitzordu nagusia egin zen. Ekitaldi horretan, besteak beste, jarduera alpinistiko onenak saritzen dira. Hain zuzen ere, bi aitortzek berezko lekua hartzen dute: Urrezko Pioleta eta Steel Angel sariek.

Lehenbizikoari dagokionez, azaroaren 9an aurreratu genuen Andrei Vasiliev, Sergei Kondraxkin, Natalia Beliankina, Kirill Eizeman eta Vitali Xipilovek osatutako espedizioak Manaslun (8.163 m) ekarpen handia egin zuela. Ukitu gabe zegoen hego-mendebaldeko isuria estilo alpinoan igo zuten. Hamaika egun behar zituzten igotzeko eta beste lau jaisteko.

Errusiarrok urriaren 22a izan zuten gailur eguna. 55 kilometro orduko haizeteak eta -25 graduko tenperatura iragarri zizkieten. Bi sokarekin tontorrera abiatu ziren. Ikuspena oso txikia zen. Ahalik eta azkarren abiatu ziren tontorrera. Arratsaldeko laurak izateko hamar minutu falta zirenean, Kondraxkinek eta Vasilievek Manasluko puntu garaiena zapaldu zuten. Argazki bat atera, jaitsi eta lekua utzi zieten Beliankinari, Eizemani eta Xipilovi tontorra irits zezaten. Jaitsiera, berriz, muturrekoa izan zen. Tiroldarren ibilbidea jarraitu zuten.

Nesken espedizioa

Steel Angel saria, berriz, emakumezko talde batek eginiko jarduera onenari ematen zaio. Laukote bat izan da irabazlea: Olga Paducheva, Oksana Kochubey, Nadezhda Pilschikova eta Nadezhda Muzhikina. Talde horrek Miyar haranean (Indiako Himalaia) dagoen Iris mendiaren (5.200 m) lehen igoera egin zuen era askean. “Karma” izena jarri zioten bideari: ED, 6c, 1.100 m.

Paducheva izan zen talde horren burua, eta adierazi zuen espedizioa hasieratik oso gorabeheratsua izan zela: «Berez, Quistvara eskualdera joan nahi genuen White Sapphire mendia (6.040 m) igotzeko, baina poliziak eragotzi zigun eremu horretara abiatzea. Azkenean, Miyar haranean zehaztu genituen geure helburuak. Ingurumari hori europarrentzat oso ezaguna denez, ez genuen arazorik izan mendien inguruko informazioa lortzeko. Iris mendia era askean igotzea zen geure erronka. Horman sartu eta bigarren egunean elurra egiten hasi zen. Egoera horrek erritmoa asko mantsotu zuenez, hasitako bidea rappelatu eta kanpaleku nagusira jaitsi ginen. Lau egunez jarraitu zuen elurra egiten. Zorionez, egoera hori aldatu eta baldintza egonkorrekin aukera izan genuen ‘Karma’ marra sortzeko».

Beste aitortzak

Moskuko ekitaldian bi sari nagusi horiek banatzeaz gain, beste aipamen eta aitortza batzuk eman ziren. Mendiko kirol ezberdinetako kategorietan antolatzaileek gizonezkoak zein emakumezkoak aitortzen dituzte. Alpinista onenen saria Egor Matvienkok eta Olga Paduchevak jaso zuten.

Izotz eskaladako kategorian, Danila Bikulov eta Irina Dubovtseva nagusitu ziren. Maria Tolokonina izan da entrenatzaile onena. Mendiko eskian, berriz, Nikita Filippov eta Irina Rachinskaya aitortu zituzten. Eta trail running-ean: Evgeny Markov eta Anastasia Rubtsova.

Bestalde, aurten zortzimilakoak igo dituzten alpinistek eta Elurrezko Lehoinabarra proiektua amaitu dituztenek txoko berezia izan zuten. Azkenik, zendutako mendizaleek ere omenaldia jaso zuten.