INFO

Zabaleta eta Gaminde sasoian helduko dira Basauriko Lau eta Erdiko finalerdira

Asteazken honetan, Villabonan, Maddalen Etxegarai (22-9) eta Itxaso Erasun (22-3) txikitu dituzte. Igandetik Olatz Arrizabalagak eta Amaia Aldaik ziurtatuta zuten finalerdietan egoteko aukera.

Etxegarai eta Zabaleta, asteazken honetan, Villabonan. (EMAKUME MASTER CUP)

Emozioz beteriko jaialdia izango du igande eguerdi honetan Basauriko pilotalekuak, oraintxe sasoi puntu ezin-hobean dauden lau pilotari lehiatuko baitira Gernikako Lau eta Erdiko final handirako txartelen bila, ETB-ko kamerak zuzenean direlarik.

Igandetik Olatz Arrizabalagak eta Amaia Aldaik ziurtatuta zuten finalerdietan egoteko aukera eta Goiuri Zabaletak eta Enara Gamindek, pasa den larunbatean Bilbon Nations Leagueko finala jokatu zuten bi pilotariek, jokatuko dute beste kanporaketa, asteazken honetan Villabonan Maddalen Etxegarai (22-9) eta Itxaso Erasun (22-3) txikitu ostean. Hasiera batean lehia estuagoak espero baziren ere, Leitzakoak eta Laukizkoak sekulako maila erakutsi dute eta nafarrak azkar izango du aurreko asteko errebantxa hartzeko modua.

Markagailuak bestelakorik iradoki dezakeen arren, Maddalen Etxegarai oñatiarrak lanak eman dizkio Goiuri Zabaletari, batez ere partidaren lehen zati gogorrean. Leitzarrak ez du sakearekin nahi beste asmatu, pareta gehiegirekin jarri du pilota jokoan eta honek pilotakada askoko tantoak ekarri ditu hasiera gogor horretan.

Piloteo dezenteko tantoak izan dira partidako lehenak eta lehia gogortzen joan den eran, gehiago kostatu zaio aurkariaren erritmoari eustea oñatiarrari. Erasoan ere, partidaren bigarren erdian asko asmatu du aurrelari leitzarrak eta garaipen erosoa lortu du txapelketa bikaina osatu duen Etxegarairen aurka.

Beste partidan, bazen ikusminik Itxaso Erasunen aurkako partidaren aurretik, batez ere, zizurkildarrak udan erakutsitako maila ikusgarriaren ondotik –Plazandreak saioko txapela irabazi zuen kaiolan–, are gehiago etxetik bertan jokatuta, baina larunbatean bi urre kolkoratu zituen laukiztarrak ez dio inolako aukerarik eman.

Eskuetatik oso ondo, atzelari bizkaitarra sekulako joko boladan ari da azken asteetan eta gaur gainetik pasa zaio gipuzkoarrari. Saketik hasita, min handia egin dio Gamindek aurkariari, pilotari ere beste abiadura bat eman dio eta tantoak amaitzerako orduan ere apenas egin du akatsik. Gauzak horrela, partidak kolore bakarra izan du, Enara Gaminderen gorria.