INFO

Mary Eden ‘Century Crack’ muturreko offwidth-a kateatzen lehen emakumezkoa bihurtu da

Azaroaren 9an, Mary Eden eskalatzaile estatubatuarrak Canyonlandsen dagoen 36 metroko eta 8c mailako ibilbide hori sinatu zuen. Sei hilabeteko lana behar izan zuen. Eskalatzen ari zen bitartean, 9 kiloko tresneria garraiatu zuen.

Mary Eden ‘Century Crack’ eskalatzen; bide hori igo duen lehen emakumea da. (@tradprincess / Pantaila irudia.)

Offwidth edo artesi zabalak maite dituzten espezialistek Canyonlandsen (Utah, AEB) izar oso erakargarria dute. 36 metroko ibilbide hori lehenak igotzen Tom Randall eta Pete Whitakker britainiarrak izan ziren. Muturreko maila proposatu zuten: 8c. Eskalatzaile zailduenek diote munduko offwidth gogorrena dela. Ondoren, hiru errepikapen heldu dira, azkena, Mary Edenena. Igoera horri esker, estatubatuarra ‘Century Crack’ kateatu duen lehen emakumezkoa bihurtu da.

Sabai batean dagoen pitzadura hori eskalatzeak teknika oso-oso berezia eskatzen du. Kokapen egokia lortu ahal izateko, gorputzaren atal guztiak ondo baino hobeto mugitu dira. Beste igotzaileek ez bezala, Edenek mugimendu ezberdinak erabili zituen ‘Century Crack’-en; irudian ikusten den bezala, buruz behera eskalatu zuen.

Joan den ekainean, estatubatuarra muturreko proiektu bat bilatzen ari zen. Edenek berak onartu du maitemindu behar zuen ibilbide bat aukeratu eta maitasun istorio bat bilakatu behar zuela. Azkenean, ‘Century Crack’ offwidth-ak harrapatu zuen eta, aurreratu dugun bezala, urrezko letrak idatzi ditu munduko artesi zabal zailenean.

Sabaietan dauden artesiak igotzen Eden eskalatzaile zaildua da. Eskarmentu aberatsa du, eta horrek eraman du ‘Century Crack’-en arrakasta lortzea. Alabaina, lan eskera egin behar izan du erronka hori biribiltzeko. Hain zuzen ere, sei hilabeteko joan-etorriak izan ziren: «Ez daukat zalantzarik: marra hori inoiz ikusi eta eskalatu dudan ederrena da. Yosemitekoak oso onak direla esan didate, baina Canyonlandsen dagoen artesi horrek badu eite berezi bat. Kateatu bezain laster, egundoko bakea hartu nuen. Lehen neska izan naiz, baina hori baino garrantzitsuagoa izan da nire burua zein gorputza desblokeatu ditudala. Sakratua da sentsazio hori. Gogor borrokatu behar izan nuen, mingarria izan da, baina nire bizitzan egin dudan eskalada onena izan zen».

9 kilo

Azaroaren 9an Edenek marra hori erorikorik gabe igotzea lortu zuen. Protagonistak adierazi du berezia izan zela. Lehen hamabost metroak aise eta nekatu gabe eskalatu zituen. Une jakin horretan sentipen baikorrak izan zituen; izan ere, bikain moldatzen ari zen ibilbide horrek eskatzen dituen mugimenduetan. Hots, oso eraginkorra izaten ari zen. Aurrera jarraitu zuen akatsik egin gabe. Hurrengo metroetan ere ez zuen eragozpenik izan. Zangosagarrak, ukabilak eta besoak ondo blokeatzen ari zen. Momentu batean, burua eta pentsamenduak lasaitzeko aseguratzen ari zen kideari hitz egiteko eskatu zion. Eta bat-batean, ‘Century Crack’-en amaieran zegoen: «Gorputzean egundoko mina sentitu nuen. Ez zirudien egoera erreal bat. Lagunarekin elkar besarkatu nintzen; ezin nuen nire kabuz zutik egon»

Gizonezko igotzaileak ez bezala, Eden txikia da: 1,50 metroko garaiera eta 45 kiloko pisua du. Horrek guztiak teknika ezberdina erabiltzera behartu zuen. Oinak aurretik zituela eskalatu zuen, eta erabaki horrek asko lagundu zion artesiaren hurrengo metroak ondo ikusi ahal izateko.

Teknika berezi horrekin batera, esan behar dugu eskalatzen ari zen bitartean estatubatuarrak zama handia eraman behar izan zuela. ‘Century Crack’ garbi-garbia da. Ez du paraboltik eta eskalatzaileak bere burua babesteko tresneria guztia garraiatu behar du. Edenen kasuan zenbaki ezberdinetako 23 friend zintzilikatu zituen bere arnesean. Denera, 9 kiloko zama.

8c mailako bigarren offwidth-a du estatubatuarrak; lehena; ‘Black Mamba’ izan zen. ‘Century Crack’-en inguruan adierazi du maila hori duela, baina ezaugarri oso ezberdinak dituela: «Nahiz eta bitarteko guztiak erabili ditzakezun, espero ez duzun emaitza lortu dezakezu. Basatia da gorputzaren mugimenduentzat. Izaera horretako artesietan entrenatu ahal izateko, aparailu bat prestatu nuen. Hortaz gain, Tom Randallen eta Danny Parkerren aholkuak jarraitu nituen. Tom nire mentorea da. Argi zuen ‘Century Crack’ igotzeko gaitasuna nuela, eta urtebetez entrenatu ninduen. Tomi esker arrakasta itzel hau erdietsi dut».