Ailany, Salomé, Libe, Nora eta Luma, aurten Euskal Herrian jaio diren lehenengo haurtxoak
Ailany du izena Euskal Herrian 2026an jaio den lehen umeak, eta bilbotarra da. Lehen nafarra Salomé izan da, gipuzkoarra Libe eta arabarra Nora. Denak jaio dira goizaldeko 4.00ak baino lehen, iaz baino goizago. Baiona gehiago itxoin behar izan dute Luma ikusi ahal izateko.
Ailany deitzen da Euskal Herrian 2026an jaio den lehen haurtxoa. Urte berria estreinatu eta gutxira jaio da, 0.29ean, Basurtoko erietxean, Bizkaian. Erditze luzea izan da, duela bi egun hasitakoa, eta bi kilo eta erdiko pisuarekin munduratu da azkenean. Gurasoak Paraguaikoak dira, baina Santutxun bizi dira; bilbotarra da, beraz, aurtengo lehen umetxoa.
Goiztiarra izan da lehen bizkaitarra, ez horrenbeste, ordea, gainontzeko herrialdeetan jaiotako lehendabiziko umetxoak.
Izan ere, Nafarroan sortu den lehena Salomé izan da, 2.23an jaio da Nafarroako Unibertsitate Ospitalean, Iruñean. Osasunbideak jakitera eman duenez, haurra zein ama ondo daude.
Gipuzkoan jaio den lehen haurtxoa Libe deituko da. Salomé baino hamar minutu beranduago, 2.43an, jaio da Mendaroko ospitalean. Gurasoek jakitera eman dutenez tokatzen zitzaiona baino ia hilabete lehenago jaio da, berez urtarrilaren 28aren bueltan erditzekoa baitzen.
2026an jaiotako lehen arabarra Nora da, 4,040 kilo pisatu ditu eta Txagorritxuko ospitalean jaio da, 3.17ean. Azken honi, tradizioari jarraituz, Arabako Okindegien Elkarteak urte oso batez emango dio ogi-barra bat opari. Hori gutxi ez eta elkarteak Errege-Opila eskainiko die urtarrilaren 5ean Araban ospitaleratuta dauden ume guztiei.
Ipar Euskal Herriari dagokionez, albiste pozgarria goizeko 7.14ean izan da Baionako erietxean. Luma izeneko haurtxoa jaioa da bertan.