Aldai-Arrillaga eta Ruiz de Infante-Mendizabalek garaipen garrantzitsuak lortu dituzte Durangon
Lehenengo bikotea sailkapeneko lehen postura igo da lau punturekin –Arrizabalaga-Bergarak hiru dituzte bi partida gutxiagorekin– eta Ruiz de Infante-Mendizabal hirugarrenak dira, lau partidatan bi puntu batuta.
Emakumeen Binakako Txapelketa Nagusian gauzak argitzen ari dira eta Aldai-Arrillaga eta Ruiz de Infante-Mendizabalek euren helburuetara asko gerturatu dituen garaipenak eskuratu zituzten igande honetan jendez lepo egon zen Durangoko Ezkurdiko jaialdi arrakastatsuan.
Igandeko garaipenarekin, Aldai-Arrillaga sailkapeneko lehen postura igo dira lau punturekin –Arrizabalaga-Bergarak hiru dituzte bi partida gutxiagorekin– eta Ruiz de Infante-Mendizabal hirugarrenak dira, lau partidatan bi puntu batuta.
Lehen partidan Amaia Aldairen izena nabarmendu behar da. Dimoztarrak sekulako partida jokatu zuen, pilotari beste abiadura bat sartu zion eta berak ezarritako erritmoarekin hautsi zen lehia. Arrillaga ere seguru aritu zen atzean eta arazo handiegirik gabe gainditu zuten Zabaleta-Bertizek osatutako bikote gaztea (22-14).
Bigarren partida gogorragoa eta orekatua izan zen, azken txanpara bi tantoren aldearekin baino ez ziren sartu Ruiz de Infante eta Mendizabal (19-17), baina partida amaieran Sagardui eta Gaminde ez ziren markagailuari buelta emateko gai izan, aurkariak gehiago izan zirelako (22-18).
Igandean Sagardui gazteak ez zuen bere egunik onena izan eta Gamindek, sekulako mailarekin, partidari eutsi ahal izan bazion ere, azkenean amore eman behar izan zuten. Parean, Ruiz de Infantek asko asmatu zuen tantoak amaitzerako orduan eta Nora Mendizabalek ere oso partida txukuna jokatu zuen, garaipen garrantzitsua eskuratuz.
Aste honetan jardunaldi oso berezia jokatuko da, lehen aldiz Binakako Txapelketa Nagusiko jaialdi bat Ipar Euskal Herrian jokatuko da eta. Itsasun izango da, bertako Xalbador kolegioaren alde.