INFO

Iranen aurkako «eraso inperialista» salatzeko mobilizazioak izan dira Euskal Herrian

AEBek eta Israelek Iranen aurka egindako «eraso inperialista» salatu dute Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñean egindako mobilizazioetan. 

Iruñean egin den mobilizazioaren irudi bat. (Aitor KARASATORRE | FOKU)

Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan mobilizazioak egin dituzte azken orduotan, AEBek eta Israelek Iranen aurka egindako «eraso inperialista» gaitzesteko.

Palestinarekin Elkartasuna ekimenak deituta, igande honetan protestak egin dira Bilbon, Donostian eta Iruñean; atzo, berriz, lehen mobilizazioa egin zen Gasteizen.

«Iranen aurkako eraso inperialistari ez. AEB eta Israelen aurka erresistentzia aurrera» izan da protestetan erabili dituzten pankarten leloa

Manifestariek «AEBen eta Israelen estrategia inperialistari erantzuten dion gerra berri hau» salatu dute, Mendebaldeko Asia «euren interesen pean kontrolatu nahi duena», eta Israel «eskualdearen jabe» gisa uzteko helburua duena, haren hegemonia zalantzan jarriko duen inor gabe.

Horretarako, «Iran ahultzea edo garaitzea ezinbesteko baldintza da haientzat, AEBetako eta Israelgo interes inperialistei aurre egiten dien agenterik indartsuena baita», esan dute.

Albiste «krudela» palestinarrentzat

Iranen aurkako eraso honek eskualde osoko «eskualdeko herri langileentzat eta erresistentzia-indarrentzat eragin negatiboa» izango dula ohartarazi dute, eta gaineratu «albiste krudela» dela herri palestinarrarentzat».

Horregatik, deitzaileek «irmo» gaitzetsi dute «eraso inperialista berri hau», eta AEBren eta Israelen aurkako erresistentziari babesa emateko deia egin dute.