Kopa: Eibar eta Alaves, final-zortzirenetan postu bila
Atzeratutako partidak jokatuko dituzte asteazken honetan. Armaginek Levante bisitatuko dute eta talde gasteiztarrak, Cacereño. Athletic eta Reala hurrengo kanporaketan sartuko dira lehian.
Aste honetan jokatuko dira Jesus de Miguelen heriotzagatik atzeratutako Kopako partida gehienak. Osasunak lehiatu zuen berea, Logroñoren aurka galduz (2-3), eta asteazkenean Eibarren eta Alavesen txanda helduko da.
Armaginek Levante bisitatuko dute (18.00). Eibar denboraldiko boladarik txarrena bizitzen ari da, Valentziaren, Realaren eta Alavesen kontra hiru porrot jarraian jaso ostean. Ikasturte hasiera ezinhobea egin zuen baina jeitsierarekiko koltxoia hiru puntura murriztu zaio.
Asteazkenean aurkari ezaguna bisitatuko du. Bizitza osoa elitean eman ondoren, Levantek maila galdu zuen aurreko denboraldian, baina erritmo bizian doa igoeraren bidean. Lehen jardunaldian Alhaman galdu ondoren, zortzi garaipen kateatu ditu; sei Ligan eta Kopako lehen bi kanporaketetan Elxen eta Alhamaren aurka ospatutakoak. Partida bat gutxiago jokatu duen arren, 1. RFEFeko liderra da. Bere indargunea goian dago: 32 gol sartu ditu zortzi neurketetan. Armaginek kontuan hartu beharko duten datua, lehen sei jardunaldietan gol bakarra jaso ondoren, atea hutsean utzi ezinik amaitu baititu azken bost partidak.
Horrela ibili da ere Alaves hainbat astetan. Jokoa ez zen txarra, baina emaitzak ez ziren heltzen, joan den larunbatean bolada txarrari amaiera eman zion arte, hain zuzen ere Eibar gaindituz. Eta orain, Andrea Estebanek helburu bikoitza dauka, «partida irabaztea, ilusio handia sortzen digun lehiaketa honetan hurrengo kanporaketara heltzeko eta, horrela, bi garaipen lotzea, denboraldi honetan oraindik lortu ezin izan duguna».
Gasteiztarrak Cacereñoren aurka (19.00) saiatuko dira, oroitzapen onik ekartzen ez dien aurkaria. Orain dela bi urte, Extremadurako taldeak modu krudelean kanporatu zituen igoerako play-offean. Eta joan den denboraldian, Mendiorrotzan haren kontrako berdinketak igoeraren ospakizuna atzeratu zuen. 1.RFEFeko laugarren postuan sailkatuta, SportExtremadurari penaltietan eta Burgosi aise irabaziz heldu da Kopako hirugarren kanporaketa honetara.
Irabazleek final-zortzirenetarako txartela lortuko dute. Kanporaketa horretan, joan den denboraldian F Ligako lehen zortzi postuetan amaitu zuten zortzi taldeak sartuko dira txapelketan, tartean Athletic eta Reala. Zozketa datorren astean egingo da.
Kopa - 3. kanporaketa
Osasuna, 2 - Logroño, 3
CE Europa, 0 - Deportivo, 1
Asteazkena:
Levante - Eibar (18.00)
Cacereño - Alavés (19.00)
CD Samper - Valentzia (20.30)
Osteguna:
AS Celtas - Espanyol (19.00)
CD Argual - Madrid CFF (19.00)
Azaroak 25:
Sporting Huelva - Badalona (19.00)