01 OCT. 2025 Getxo, komikizaleen topaleku hiru egunez Getxo komikizaleen topaleku bihurtuko da berriz hiru egunez, Komiki Azokaren 23. edizioa egingo baita urriaren 3tik 5era. Urtero bezala, egitarau zabala prestatu dute antolatzaileek: hitzaldiak, mahai inguruak, nobedadeen aurkezpenak, tailerrak... Komikiaren munduan ezagunak diren zenbait artista ere bertan izango dira. Aurtengo kartela. (Getxoko Komiki Azoka.) Bidaiari Getxoko Komiki Azokak bederatzigarren artearen mundua hurbilduko dio publikoari bere 23. edizioan urriaren 3tik 5era. Merkataritza guneak 40 salmenta postu izango ditu Santa Eugenia plazan eta Ibaiondo kalean, eta, ohi bezala, Romo Kultur Etxean hainbat ekintza izango dira. Artista ezagunek ere parte hartuko dute, bai azokaren gune komertzialean, bai Romo Kultur Etxean programatutako jardueretan. Anbtolatzaileek adierazi dutenez, liburu dendek, argitaletxeek, merchandising dendek eta fanzineek aukera eskainiko dute azken nobedadeak eskuratzeko, serieak osatzeko eta komiki zaharrak eta bildumagile aleak erosteko, baita komikigintzaren munduarekin zerikusia duten era guztietako artikuluak ere. Bestalde, Romo kultur etxean izango da ekintzen programazioa, nobedadeen aurkezpenak, hitzaldiak, mahai inguruak, proiekzioak, tailerrak eta erakusketa bat barne. Sektoreko enpresa nabarmenetako batzuk izango dira, eta hitzaldietan, aurkezpenetan eta sinaduren saioetan parte hartuko dute, zaleek euren artista gogokoenak bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dezaten; sinadura saioak salmenta postuetan ere egingo dira. Urtero bezala, haurrentzako zein helduentzako tailerrak ere ez dira faltako, eta, aurten, berrikuntza gisa, profesionalei zuzendutako portfolioak berrikusteko tailer bat ere egingo da. Artista gonbidatuak Artista eta profesional gonbidatuei dagokienez, Paco Roca, Marika Vila, Raquel Gu, Mamen Moreu, Sebas Martin, Fernando Blanco, Alvaro Martinez Bueno eta Irene Marquez izango dira Getxon, aurtengo ekitaldiko kartelaren egilea den Laura Perezekin batera. Horiez gain, azken urteotan ‘Corto Maltés’ bilduma berrian egindako ilustrazio lanarengatik ezaguna den Ruben Pellejero ere hurbilduko da azokara, baita Josune Muñoz dibulgatzailea ere, komikiaren arloan egindako ibilbideagatik aurtengo omenaldi saria jasoko baitute. Era berean, ‘Abenturazale grafikoak’ erakusketa izango da ikusgai Romo kultur etxean, Natacha Bustos, Maria Medem, Ana Penyas, Laura Perez eta Nuria Tamariten lana biltzen duena. Esperimentazioaren eta originaltasunaren aldeko apustua dute guztiek ezaugarri, betiere leku komunetatik eta baliabide erosoetatik ihes egitea bilatuz, bere publikoari abentura grafiko bat eskaintzeko asmoz.